"Xiberotarrekin batera pasa dugu asteburu ederra"

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 20a, 13:29

Usurbilgo eta Aginagako herrikide talde batek xiberotarrekin igaro du asteburua. Seaskako integrazio batzordearen aldeko jaialdiko afaria prestatzen aritu dira, urte luzez egin izan duten moduan.

Elkartasunaren eta lankidetzaren hamarkadetako hartuemanak ez du etenik, bizirik dirau Usurbilgo eta Aginagako herrikide talde baten eta xiberotarren arteko urteetako loturak. Ohitura duten moduan, Urdiñarben izan dira asteburuan. Urtero Seaskako ikastolen integrazio batzordearen aldeko laguntza jasotzeko jaialdia ospatzen dute eta usurbildar zein aginagarrek prestatzen dute afaria. 200 lagun elkartu dira aurten. "Xiberotarrekin batera pasa dugu asteburu ederra", berri eman diote NOAUA!ri hara joandako herrikideek, albiste honi atxikitako argazkiak helaraztearekin batera.

Otarrak eskatzeko azken egunak
"Ekoizpen ttipiko ekoizleenak. Kalitate handiko eta bertan ekoizturiko mozkinak eskaintzen dituzte". Asteotan etxeratu ahalko ditugu. Azaroaren 27ra arte eska ditzakegu Zuberoako ikastolak laguntzeko urtero moduan, hango elikagai goxoez hornituriko otarrak.

Nafartarrak taldekoen eskutik Usurbila heltzen den kanpaina honetatik jasotako laguntza, herrialdeko bi ikastoletara, Alozekoa Basaburuara eta Eperra Pettarrera bideratuko dute. Euskararen transmisiorako berme diren ikastoletara. Gogoan izan, Ipar Euskal Herrian euskarak ez du babes ofizialik. "Euskara hizkuntza gutxiagotua gelditzen da gure lurraldean. Euskararen etxeko transmisioa Zuberoan eteten ari den heinean, ikastolek dute euskararen transmisioa bermatzen".

Laguntza ezinbestekoa dute beraz. Otarrok erostea dugu laguntza bideetako bat:

3 otar aukeran
Pettarra
Prezioa: 51 euro.
Produktuak: ahate gibel berrosatua, eztia, ardi gazta kiloa, bixkotx gatzatuak eta pastak.

Arbaila
Prezia: 57 euro.
Produktuak: Eztia, bixkotx artisanalak, kilo erdiko bi gazta zati, bixkotx gazituak, erreximenta, tisanak eta pastak.

Basabürüa
Prezioa: 68 euro.
Produktuak: Xerri patea, bixkotx artisanalak, ardi gazna kiloa, xahalki axoa, lukainka idorra, eta pastak.

Eskaerak: azaroaren 27ra arte, NOAUA! Kultur Elkartean edo ikaskoli.eus atarian.
Informazio gehiagorako: ikaskoli.eus