HAPO-aren aurkezpena gaur Aginagan

Hiria Antolatzeko Plan Orokorra (HAPO) herriratzeko Usurbilgo Udalak abian duen fasearen baitan, Aginagan iragarri dute aurkezpen saioa gaur.

Aginagaren etorkizuna ere marraztua baitu HAPO-ak. Urrian hasieraz onartu zuten dokumentua, zortzi urteko lanketa luzearen emaitza da. Tarte horretan, parte hartze prozesu anitz egin zituzten, besteak beste, Aginagako herrigunea antolatzeko bideraturikoa. Herrikideekin ondu zuten etorkizuneko Aginagarako proposamena.

Hasieraz onartuta, urtarrilaren 31ra arte alegazio epean egongo da. Udalak HAPO-a ezagutarazteko bide ezberdinak baliatzen ari da asteotan; aurreikusten diren esku-hartze hainbat arloka nahiz auzoka zerrendatzen dituen aldizkaria banatu dute etxez etxe. Kaxkoan, Zubietan eta Aginagan erakusketa bana egitekoak dira baita. Udal arkitektoarekin hitzordua eskatu eta informatzeko aukera ere eskainiko du Usurbilgo Udalak alegazio epe honen bukaerara arte, urtarrila amaierara arte alegia. Eta aipatu moduan, hiru aurkezpen saio ere iragarri ditu Udalak. Lehenengoa, iragan astean egin zuten Potxoenean. Bigarren saioa gaur Aginagan.

HAPO-ak Usurbilgo datozen 15 urteotako garapena zehaztua du, egun indarrean diren Arau Subsidiarioak ordezkatuko ditu. "Udalerriak etorkizunean izango duen antolamendua zehazteko oinarrizko tresna da, izan ere, udalerriko lurzoruen erabilerak arautzen ditu, eta, besteak beste, ingurune naturala, mugikortasuna, espazio publikoa, etxebizitza, jarduera ekonomikoa edota ekipamenduen gaietan eragin zuzena du. Herri-proiektu bat definitzen du, azken batean". Lurzoruak sailkatu, erabilera orokorrak ezarri, erabilera bakoitzerako eraikigarritasuna finkatu eta esku-hartzeak programatzen ditu HAPO-ak.

Aurkezpen eta erakusketak
Aurkezpenak
Azaroak  23, asteazkena
18:00
Aginagako Eliza Zaharrean.

Azaroak 30, asteazkena
18:00
Zubietako Kaxkapen.

Erakusketak:
-Azaroak 23-29: Aginagako Eliza Zaharra.
-Azaroak 30-abenduak 6: Zubietako Kaxkape.
-Abenduak 7-31: Sutegi.

Arkitektoarekin hitzorduak
Azaroan eta urtarrilean
-Astelehen arratsaldeak: 17:00-19:00.
-Astearte goizak: 9:00-13:00.
Hitzordua eskatu aurrez: 943 371 951.

Antolatzailea: Usurbilgo Udala.