"Aginaga Biziberritzen" ekitaldia deitu dute ostegun honetarako Eliza Zaharra elkargunean. Udazken honetan Aztikerren laguntzaz egindako herri inkestaren ondorioak eta datorren urtean eman asmo dituzten urratsak aurkeztuko dituzte.
Gogoan izan, San Praixkuen hasieran herriaren etorkizuna marraztuko duen "prozesu parte hartzaile bat abiatu nahi da Agiñan", iragarri zuten.
Denboran luzatuko den egitasmoa dela zehaztu zuten. Urte hasieratik biltzen hasiak direla tokiko zenbait herri eragileetako ordezkaritza talde bat; San Praixku Guraso Elkartekoak, Antxomolantxa elkartekoak eta Eliza Zaharra Elkarguneko kideak. "Taldean eta kolektiboki dugun indarra benetan baliatzeko momentua heldu dela uste dugu", adierazi zuten.
Gipuzkoako Foru Aldunditik jaso zuten diru-laguntzarekin, etxekoek Aginagaz duten ikuspegia jasotzeko herri inkesta bat osatu dute. "Herria hobekien herritarrok ezagutzen dugunez, zuen iritzia ezagutu nahi dugu. Zehazki jakin nahi duguna da, Agiña nola bizi dugun, zein hutsune dituen eta zer sortzeko beharra dugun identifikatzeko asmoa baitugu. Esaguzue nola bizi nahi duzuen eskola, plaza, ibaia, erribera eta mendia. Zein zerbitzu hobetzeko beharra dugun, edota zeinen beharra genukeen", Jai Batzordetik San Praixkuen hasieran adierazi zutenez.
Modu honetan, "denboran iraungo duen proiektu herritar bat" gorpuzten joan nahi dute, "talde sendo eta iraunkor bat osatuz".
Urte amaierako ekintzak Aginagan
Abenduak 15, osteguna
18:00 “Aginaga Biziberritzen” aurkezpen herritarra.
“Aztikerren laguntzaz egindako herri inkestaren ondorioen eta 2023ko urratsen aurkezpena”.
Abenduak 17, larunbata
18:00 Adinekoentzako guatekea! Mariatxiak eta aspaldiko abesti dantzagarriak.
Sarrera: doan.
Abenduak 21, asteazkena
18:00 Talo eta txistor jana Aginagako Eliza Zaharrean.
Zehaztasunak: "bakoitzak bere taloa egiten ikasteko aukera izango du eta ondoren, talo-jana!".
Abenduak 23, ostirala
18:00 Olentzeroren etorrera Aginagara, Sekañako bidegurutzetik Aginagako Eliza Zaharrera. Gutun bilketa Eliza Zaharrean.
Antolatzailea: Aginagako Eliza Zaharra Elkargunea.
Abenduak 24, ostirala
09:00 Kantu-jira etxez etxe elizatik abiatuta. 15:00ak alderako Aginaga Kaxkoan.
Antolatzailea: Katekesi taldea.