Garraio gastuetarako, Aginagako eskolak gabonetan bildutako laguntza

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 11a, 08:01

San Tomas azokan edota gabonetako kalejiran bildutako laguntza, ikasturte amaierako bidaiak eragindako gastuak ordaintzera bideratuko ditu Aginagako eskolak.

NOAUA! Kultur Elkarteak abenduaren 18an frontoian antolatu zuen San Tomas Azokaren baitan, herrikide hainbaten postuetan barrena osteratxoa egiteko aukera izan genuen. Ezkerpareta parean ziren besteak beste, Aginagako eskolako kideak. Haien uzta propioarekin etorri ziren azokara. Osasun krisialdiak eragotzi zielako “aurreko bi urteetan ez genuen parte hartu, aurretik bi urteetan bai. Aurten berriz egoteko aukera ikusi genuen”.

Esan eta egin, jaki goxoekin ondo hornitutako postua ekarri ziguten frontoira. Pastak, bonboiak... eta letxugak. Iaztik lantzen ari diren lursail bat dute eskola ondoan. Baratza horretan hazitakoak dira letxugak.

Postura hurbiltzen zirenei apustu batean parte hartzeko gonbita ere egin zieten. Babarrunak zituzten; zenbat ale zeuden zehazki asmatu edo gehien hurbiltzen zenarentzat produktuen otar bat eman nahi zuten. 1.962 ale zituzten. Kopurura gehien gerturatutakoa Egoi Fernandez izan zen. 

“Eskerrik asko”
Albiste honen hasieran, elkartasun postu gisa definitu dugu Aginagako eskolak San Tomas azokan jarri zuena, bildutako laguntza ikasturte amaierako irteera gastuei aurre egitera bideratu nahi dute eta. Zehazkiago esanda, garraio zerbitzua ordaintzera. “Oso garestia da”, eta dagokiena baino gehiago ordaindu behar izaten dute. “20 inguru joaten gara, baina autobuseko 40 plaza geratzen dira bete gabe. Ez dugu autobus osoa betetzen baina osoa bete izan bagenu bezala ordaindu behar izaten dugu”.

Horregatik argi zuten, iragan azokan bildutako laguntza zertara bideratu nahi zuten; udaberrian Gipuzkoako mendiren batera egingo duten bi eguneko txangorako autobus zerbitzua ordaintzera. Iragan hilabeteko hitzorduaz gain, oporretara joan aurretik Aginagan barrena egin zuten gabonetako kantu saio eta kalejiran ere bizilagunen laguntza biltzen aritu ziren eta babes hau ere aipatu gastuei aurre egiteko baliatuko dute.

“Eskerrik asko” helarazi nahi diete modu batean edo bestean lagundu duten guztiei, modu berezian noski, eskolako lagun eta senideei. “Aipatzekoa eta oso eskertzekoa familia guztiek nola hartu duten parte”. Jakiak sukaldatzen lagundu eta postuan erosten ere aritu ziren. Aurreikuspenak gainditu zituztela adierazi diote NOAUA!ri. “Uste genuen ez zela dena salduko, baina ez zen ezer geratu. Gainera esan ziguten, gehiago bazen, salduko zela”, adierazi digute eskolako ikasleek.

Aurreko asteetan, postua atontzeko elikagaiak sukaldatzen aritu ziren eskolan bertan. Posturako kartelak ordenagailuz diseinatzen. Bistan denez, gogotik eginiko ahaleginak merezitako ordainsaria izan du.