Aginagan bizi nahi, baina hobekuntzekin

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 19a, 10:20

Aztiker Ikerguneak Aginagarentzat eginiko ikerlana aurkeztu zuen urte amaieran Eliza Zaharra elkargunean. Udazkenean zehar, Antxomolantxa kultur elkarteak, San Praixku guraso elkarteak eta aipatu elkargunearen enkarguz, herrikideen artean eginiko inkestan jasotako datuak hain zuzen. Aginagan bizi diren 16 urtetik gorako 372 lagunetatik 136 herrikideek hartu dute hitza prozesu honetan.

Erdiak baino gehiagok Aginagan bizitzearekiko asebetetze maila altua du (6,8 puntu). Balorazio oso ona egiten dute Aginagak duen herri nortasunaz, bizi kalitateaz, Aginagan bertan ikasteko duten aukeraz edota iritzi bera dute tokiko kultur eskaintzaz ere. Ia denek (%90etik gora) ezagutzen dituzte eskura dituzten zerbitzuak eta nagusiki zazpitik gorako puntuazioa ematen diete zerbitzuoi. Baloratuenak; Eliza Zaharra eta eskola.

Udal gobernu taldeaz nahiko balorazio ona egiten dute sustatzen duten parte hartzearen nahiz jasotzen dituzten hainbat zerbitzuen ikuspegitik, nahiz haien iritziz, ez dakien nola aurre egin arazoei.

Bizitzeko aukerak erraztea
Etorkizunari begira, kezka adierazten dute biztanleriaren zahartzeagatik. Gainerakoan, herri nortasunak, etxebizitza aukerak, Aginagako zerbitzuek, kaleko giroak (%49,3), biztanleriaren bilakaerak (%36) eta lan aukerak (%45,6) bere horretan jarraituko dutela uste dute.

%71,3ak bertan bizitzen segi nahi du. Baina horretarako Aginagan bizitzeko aukerak erraztea lehentasuntzat jotzen dute, herri mailako irisgarritasuna hobetzearekin batera. Gainerako %28,7ak ez du Aginagan bizitzeko asmorik. “Aginagatik kanpo bizi nahi dutenen artean argumentu ezberdinak aipatu dira hori azaltzeko. Batetik, bizitza soziala edota seme-alaben eguneroko ekintzat Usurbilen egiteak hara bizitzera joateko asmoa azaltzen du. Bestetik, eguneroko tramiteak, lana edota erosketak egiteko beste udalerri batzuetara mugitu behar izateak ere Aginagatik joateko asmoa arrazoitzen dute. Bukatzeko, bestelako arrazoi batzuk ere aipatu dira, hala nola, zahartzaroa pasatzeko leku desegokia iruditzen zaiela edota etxebizitza aukera faltagatik Aginagatik joatea pentsatzen ari direla”.

Zerbitzuen falta
Bizi soilik ez, ikasi ere Aginagan egin nahi dute. Bertako herri bizitzan eremu estrategikoa den Aginagako eskola indargunetzat jotzen dute. Herri bizitzari eta nortasunari egiten dion ekarpena nabarmentzen dute, baina kezka agertu ere bai, eraikinaren zahartasunaz, eta ikasle kopuruan izaten ari den gainbeheragatik.

Baina zer hobetua ere ikusten dute. Bi gabezia nagusi identifikatu dituzte: erosketak egiteko denda eta zerbitzuen falta. Aginagarrak bereziki biztanleriaren zahartzeak eta gainbeherak kezkatzen ditu edota N634 errepideko segurtasun faltak.

Egun ez dituzten eguneroko erosketetarako denda eta auzo udala, lehentasuntzat jotzen dituzte. Urte hasiera honetan, lanketa horri segida emateko zenbait formazio saio egitekoak dira.

Aztikerren galdetegia
Parte hartutako 16 urtetik gorako herrikide kopurua: 136 (Aginagak 16 urtetik gorako 372 biztanle).
Inkestatuaren generoa: 75 emakumezko (%55,1), 61 gizonezko (%44,9).
Aginagarekiko asebetetze maila, 0-10 puntuazioa
7-10: 75, %55,1.
4-6: 53, %39.
Bataz besteko puntuazioa: 6,8.

Aginagak dituen arazo nagusiak
Erosketak egiteko denda falta: 17, %16.
Zerbitzuen falta orohar: 12, %11,3.

Pertsonalki kezka nagusia zein den:
Despopulazioa eta biztanleriaren zahartzea: 12, %16.
N634 errepideko trafiko handia eta arriskua: 9, %12.
Kaleak eta espaloiak konpondu beharra: 8, %10,7.

Aginagaren hainbat esparruren balorazioa (0-10 puntuazioa):
7-10 puntu: Aginagako nortasuna (%64), bizi kalitatea (%71,3), Aginagan bertan ikasteko aukera (%53,7), kultur ekintzak (%57,4).
4-6 puntu: kaleko giroa (%38,2).
0-3 puntu: etxebizitza (%39,7) eta lan aukera (%44,9).

Usurbilgo udal gobernuari buruzko iritzia
Ez daki nola konpondu Aginagako arazoak: 47, %34,6.
Ez daki edo ez du erantzun: 34, %25.
Badaki nola konpondu Aginagako arazoak, baina denbora gehiago behar du: 29, %21,3.
Herriko arazo nagusiak konpontzea Udalaren eskumenetatik kanpo dago: 18, %13,2.
Aginagako arazoak konpontzen ari da: 8, %5,9.

Udal kudeaketaren balorazioa hainbat aspektutan
Nahiko kudeaketa ona: herritarren parte hartzea (%40,4), Aginagak Udaletik jasotzen dituen baliabideak (%49,3), ingururumen arloko zerbitzuak (%44,9), kale garbiketa (%38,2).
Oso kudeaketa txarra: hirigintza lanak (%36).
Ez daki edo ez du erantzun: kultur eskaintza sortzeko elkarteei Udalak emandako dirulaguntza (%40,4), gizarte zerbitzuak (%40,4).

Udal zerbitzu eta baliabideen ezagutza (%)
%90etik gora: Arrate taberna, Eliza Zaharra, harategia.
%80etik gora: eskola, Arrate jubilatuen elkartea, Atarialde elkarte gastronomikoa.

Udal zerbitzu eta baliabideen balorazioa (0-10 puntuazioa)
Puntuazio altuena: Eliza Zaharra (9), Eskola (8,2), Atarialde elkartea eta ile-apaindegia (7,6).


Aginagako eskolari buruzko iritzia
0-12 urte arteko haurrik bai?
Haur bat: 11, %8,4.
Bi haur: 20, %15,3.
Hiru haur: 2, %1,5.
Ez: 98, %74,8.

0-12 urte arteko haurren matrikulazioa:
Aginagako Eskolan: 27, %47,4.
Usurbilen: %38,6.

Aginagako Eskolaren indarguneak (48 erantzun):
Iritzi positiboa: 14.
Aginagari bizia eta herri izaera ematen dio: 12.

Aginagako eskolaren ahulguneak (21 erantzun):
Eraikina zaharra da: 10.
Geroz eta haur gutxiago, eskola gainbeheran joateko arriskua: 2.

Aginagarrek egun ez dituzten eta lehentasuntzat dituzten zerbitzu eta baliabideak:
Eguneroko erosketetarako denda: 116, %87,9.
Auzo udala: 74, %56,1.
Kutxazain automatikoa: 43, %32,6.
Kultur ekintzak: 15, %11,4.

Aginagaren etorkizun hurbilaren perspektiba
Berdin mantenduko da: herri nortasuna (%47,1), etxebizitza aukera (%40,4), Aginagako zerbitzuak (%42,6), kaleko giroa (%49,3), biztanleriaren bilakaera (%36), lan aukera (%45,6).
Okerrera egingo du: biztanleriaren zahartzea (%44,9).

Etorkizuneko balizko udal proiektuen lehentasuna
Etxebizitza promozioak erraztea, bertako jendea Aginagan geratu eta gazteak erakartzeko: 53, %39.
Irisgarritasuna hobetzea: 44, %32,4.
Kaxkoaren birmoldaketa eta oinezkotzea: 10, %7,4.
Errioko kultura berreskuratu eta turismoa sustatzeko proiektua: 8, %5,9.
Oinezkoentzako ibilbideak: 6, %4,4.
Etorkinentzat harrera plana eta integrazio protokoloa: 2, %1,5.

Etxebizitza erregimena
Jabetzan: 119, %93.
Errenta-alokairuan: 8, %6,3.

Etxebizitza aldatzeko beharra duzu?
Ez: 121, %89.
Bai: 9, %6,6.

Etorkizun hurbilean non bizi nahi lukete:
Aginagan bertan: 97, %71,3.
Ez daki, ez du erantzun: 21, %15,4.
Usurbilen: 8, %5,9.
Orion: 4, %2,9.
Beste nonbait: 6, %4,4.