Haurrentzako zinea datozen igandeotan

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 27a, 08:00

Negu giro beteko igande arratsaldeetarako hitzordu ezin egokiagoa haurrentzat. Zine proiekzio bana antolatu da hurrengo bi igandeotarako Aginagan eta Usurbilen. 

'Terra Willy: planeta ezezaguna'
Hasteko, igande honetan, urtarrilaren 29an Aginagan, 'Terra Willy: planeta ezezaguna' filma proiektatuko dute, arratsaldeko 17:00etan Eliza Zaharrean. "Gurasoekin espazioan zehar bidaian dabilen mutil koskorra da Willy. Espazio ontziak istripu bat izan du ordea, eta larrialdi kapsula batean bertatik kanporatua izango da Willy. Gurasoengandik urrun, esploratu gabeko planeta basati batean lur hartuko du. Willyk gurasoak bilatzeko modua aurkitu beharko du orain. Ahalegin horretan, bidelagun izango ditu Buck biziraupen robota eta Flash estralurtarra. Eric Tostiren zuzendaritzapean, Frantzian ekoitzitako filmak 90 minutuko iraupena izango du.



"Ama Mu etxera itzuli da"
Otsailaren 5ean bestalde, Usurbilgo Udalak haurrentzat negu partean antolaturiko euskarazko zine zikloaren baitako proiekzioa iragarri du, 17:00etan Sutegin. "Zikoina bidaiaria baserrian agertzen den egunean, Ama Muk bere buruari galdetzen dio zer esan nahi duen benetan 'etxe' hitzak. Nola egon daiteke ziur bizi den belardia eta landetxea bere etxea direla? Eta mundu handi horretako beste lekuren batean bizitzeko leku hoberik balego? Beleari kosta egiten zaio lagunari erakustea bizitzeko leku aproposena ez duela zertan kanpoan topatuko". Proiekziorako sarrerak 3 eurotan aurrez usurbilkultura.eus plataforman eskuragarri. Emanaldiak 63 minutuko iraupena izango du.