Aginagarrek animatu duten Aitor Aranguren, Binakako Txapelketako neurketan garaile

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 5a, 10:29

Asteburu honetan Iruñeako Labriten jokatutako Eskuz Binakako Txapelketako neurketa irabazi du Aitor Aranguren Errasti aginagarrak, etxekoak animatzera joan ziren partida hain zuzen.

Aginagarrak animatzera joan eta Aitor Aranguren Errastik partida irabazi, biak bat. Larunbat arrasaldean Iruñeako Labriten jokatu zuen Arangurenek Eskuz Binakako Txapelketako neurketa, Erik Jakarekin batera. P. Etxeberria-Rezusta bikotea izan zituzten aurkari. Aipatu moduan, 22-16 nagusitu ziren. Lehia honetako bigarren garaipena eskuratu du aginagarrak, hain zuzen etxekoak, senide eta lagunak bera ikustera eta animatzera joandako egun berean.

Egunpasa Iruñean
Autobusez abiatu ziren goizean 50 bat aginagar Aitorri babesa adieraztera. Partida aurretik, Iruñean egunpasa ederra egiteko tartea hartu zuten. Ondoko argazkiok helarazi dizkigute. Bistan denez, Nafarroako hiriburura ez ziren esku hutsik joan; "Aupa Aitor, Agiña hirekin!" eta "Eman gogor Aitor!" zioten pankartak eseki zituzten aginagarrek Labriten.