Aginagako Eskola, eraldaketa bidean

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 9a, 09:31

2023-24 ikasturterako matrikulazio epea zabaltzear duten honetan, ate irekien eguna antolatu dute Aginagako eskolan, larunbatean, otsailaren 11n, 11:00-12:30 artean. Ikastetxeko proiektua aurkeztu eta bertako azpiegiturak ezagutzeko aukera izango dute hitzordura joan asmo dutenek.

Iaztik hona, espazioa berrantolatua dutela ikusiko dute; hausnarketa prozesu baten emaitza izan da. “Udalari eskatu zitzaion espazio hauek margotu eta txukuntzea”, adierazi diote NOAUA!ri Aginagako eskolatik. Material ahalik eta gutxienekin hornitutako Haur Hezkuntzako bi gela egokitu zizkieten, horma txuriekin. “Gure eskertza adierazi nahi diegu lerroon bidez”.

Espazio fisikoaren moldaketa hutsetik haratago doa, ordea, egin nahi izan duten egokitzapena.“Giro lasaia sortzeko”, bideratu dituzte lanok. Material organikoak sartu nahi izan dituzte, lehengo kolore ez hain indartsuek eta itxurak haurren aldartean eragin dezaketela jakitun. Zarata akustikoa ere murriztu nahi izan dute, “lehen beti genituen jarriak haurren abestiak bozgorailuetatik”. Giroa baretu dute orain, “haurren kontzentrazioan laguntzen du. Lasaitasunean gauza gehiago sortzen dira, urduritasunean baino”.

Geldialdia hausnartzeko
Baretasun horretan zerikusi handia du espazioak. “Ez da leku hutsa”, Aginagako eskolatik nabarmendu dutenez. Bertan dauden elementu guztiak kontuan hartu beharrekoak iruditzen zaizkie, “molestatzen ez dutela diruditen horiek” ere bai. Horri guztiari buruz hausnartu ahal izan zuten eskolako ordezkariek iazko ikasturtean parte hartu zuten formazio saioetan. Erdibidera heldu den 2022-23 ikasturte hau jasotakoa martxan jartzeko baliatzen ari dira ikastetxean bertan. “Gure eskolan eraldaketa prozesu baten beharra ikusi genuen. Berritzeguneak mugimendu autonomiari buruzko formazioa jasotzeko eskaintza egin zigun”. Baliagarria iruditu zitzaien. “Eguneroko zurrunbiloan sartuta, edukiak eta ekintzak arrapaladan lantzen ditugu. Hausnarketa prozesuak, aldiz, gure eguneroko lanean geratzeko aukera eman digu; non gauden, zer lortu nahi dugun, zertarako, zer helbururekin, zer eskaini nahi diegun haurrei, familiei. Gauza asko eguneratzen lagundu digu”, aipatu ikastetxetik nabarmendu dutenez. Tartean, “egiten genituen ekintza askori buruz hausnartzea ahalbidetu digu. Egokitzapenen gaia adibidez. Eskola guztiek egiten dute, bi urteko ikasleekin. Sistematizatua dagoen prozesua da. Baina errespetatzen al dugu umeen eta familien erritmoa?”.

Gai hauei buruz hausnartzerakoan, aldaketaren beharra sumatu zuten, eta ez espazioa birmoldatzearena soilik. Haur Hezkuntzako geletan, zer materialekin hornitu hausnartu dute, “bi urtekoarentzako bere garapenean laguntzeko balekoa bai baina zazpi urtekoentzat ere baliagarria izan dadin. Asko pentsatu dugu gauza bakoitza zertarako eta zer helbururekin jarri”. Modu horretan, eskolatik diotenez, “umeen garapena errespetatzen da”.

Adin nahasketa, lagungarria
Haiek daude beti, jardun guztiaren erdigunean. Ahal dela, ikasleen interes eta beharretatik abiatuta, erronka txikiak jartzen dizkiete astero eta ikastetxe honetako berezitasunetako bat azaleratzen du horrek, adin nahasketarena. “Bost urtekoak hurbiltzen dira lehenbiziko mailakoengana, erronka hauek egiten saiatzera. Edo agian lehenbiziko mailako haur bat une horretan ez dago prest eta nahiago du bi urtekoekin jolasean ibili eta haiei motrizitate fineko beste lantxo batzuk egiten lagundu. Elkarlaguntza handia ematen da handien eta txikien artean”. Adin nahasketa hori bermatzearekin batera, bistan denez, haurren “aldartea errespetatzen da”. Baina egitekoak ahaztu gabe. “lanerako hain aldarte indartsua ez badute, nolabait egun batean atsedenaldia egiteko aukera dute, baina beraiek badakite erronka hori aste horretan zehar egin beharra dutela. Beraz, autonomiaz joka dezakete, duten denbora kudeatu… Gauza asko lantzen dira hala”.

Etengabe ebaluatzen dute eguneroko jarduna. “Gure begirada aldatu da, baina gure eskuhartzea ere aldatzen doa”, nabarmendu dute. Eraldaketa prozesua hasi berritan, haurrengan aldaketarik sumatu ote duten galdetu diegu. “Autonomia maila handiagoa dute, alaiago” sumatzen dituzte.

HH-tik haratago, formazio saio haietan jasotakoa “eskola mailarako ere baliagarria izan da. Eraldaketa eskola mailakoa izan da. HH-n hasi gara eraldaketa prozesu honekin, baina goiko etapetara eta eskolara zabaltzea aurreikusten dugu”.