Miriam Arrillaga oso sendo ari da Binakako Master Laboral Kutxako pilota mistoan

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 21a, 10:34

Larunbatean Binakako Master Laboral Kutxako partiduak jokatu dituzte Galdakaon eta goizeko partidan, pilota mistoko elite mailan, Miriam Arrillaga izan zen pilotaririk nabarmenduena. Etxegarai-Arrillaga bikotea 22-16 gailendu zitzaion Garai-Gaminde bikote sendoari.

Oso indartsu aritu da Miriam Arrillaga aginagarra asteburuko partidan eta aurkari zuzenak zituzten Garai-Gaminde bikoteari nagusitasunez irabazte lortu zuten. 13 puntu egin arte oso berdinduta egon zen partida, baina hortik aurrera Etxegarai-Arrillaga bikoteak aurre hartu zuen markagailuan. Enara Gaminde maila ederra erakusten ari da txapelketan, baina astean zehar gaixorik egon zen, eta ez zen partidara mailarik onenean iritsi.  

 

Finalerdietarako txartelak jokatu dituzte pilota goxoaren kategorian dabiltzan pilotariek. Amaia Zarrabietia-Uxue Perez bikotea Leire Etxaniz-Nagore Aramendi bikotearen aurka arituko da, eta Cristina-Saenz bikotea Ania Oronoz-Marie Goyenetxe bikotearen aurka.

 

Martxoan jokatuko dituzte finala eta finalerdiak maila guztietan. Txapelketa martxoaren 26an amaituko da Zarauzko Aritzbatalden. Finalerdiak (martxoaren 12an) eta finalak EITB1en bidez jarraitzeko aukera izango da.