“HerrimaMITUZ bertso-saioan Aginagako eta inguruetako kontakizunetan oinarrituko gara”

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 22a, 09:51
Argazkia: Zarauzko Hitza.

Bertso-ikuskizuna eskainiko dute Aginagako Eliza Zaharrean, otsailaren 26an. Andoni Egaña eta Iñigo Mantzizidor (Mantxi) izango dira bertsolariak saio honetan, eta Xabier Alberdi historialaria izango dute lagun HerrimaMITUZ ikuskizunean. Herrian herriko kontuei buruzko saioa da ikuskizuna. Xabier Alberdirekin izan da NOAUA!.

NOAUA! Zertan datza HerrimaMITUZ ikuskizuna?
Xabier Alberdi Lonbide: Historia bertsotan kantatzean datza ikuskizuna. Lehen emanaldia Zarautzen egin genuen, eta herriko dozena erdi bat gertaeran oinarritu ginen horretarako. Nik gaiak aukeratu eta oholtzan azaldu nituen. Kontu zaharrak izanik, protagonistarik ez dago gertaera horiek kontatzeko eta lan hori egiten dute bertsolariek. Aginagako planteamendua ere berdina izango da, Aginaga eta inguruko gertaera historikoetatik abiatuko gara.

Nondik sortu zen ikuskizuna egiteko ideia?
Mantxiri bururatu zitzaion ideia eta proposamena luzatu zigun Andoni Egañari eta bioi. Oso ideia ona iruditu zitzaigun eta Zarauzko emanaldia egin genuen, eta bigarren aldi honetan Aginagan izango gara.

Zein gai landuko dituzue? 
Aginaga, Usurbil eta inguru horretako kontuak landuko ditugu. Errioari lotutako gaiak izango dira, batik bat, baina baita bestelakoak ere. Nik, batez ere, Gipuzkoako itsas historia aztertu dut, eta horretatik abiatuta leku askotako informazioa banuen lehendik. Hori baliatuz eta aro konkretu batera mugatu gabe egingo dugu ikuskizuna; Erdi Arotik hasi eta Gerra Zibilera artekoa izan zen Zarauzkoa, eta Aginagakoa ere antzeko zerbait izango da. Dozena erdi bat gai lantzeko denbora ematen du. Zarauzko gaietako bat ontzigintzari buruzkoa izan zen. Herrian txalupa txikiak egiten zituzten bere garaian eta ondoren, Ternuara joaten ziren edo saldu egiten zituzten. Horrelako gai batetik abiatuta egoera batzuk planteatzen ditugu, XVI. mendeko Zarauzko ontzigile bat eta Kanadako indar baten arteko eztabaida edo hartueman bat, adibidez. Aukera zabalak eskaintzen ditu planteamendu honek.

Ezagunak ditugun kontuak izango dira edo herritarrek ezagutzen ez dituzten kontu berriak?
Horren ezagunak ez diren kontuak lantzen saiatuko gara. Historian aditua denak edo horri buruz irakurri duenak jakingo dituen kontuak dira, baina orokorrean ez dira oso ezagunak izango. Mantxiren ideia ere hori zen hasieratik, bertsolaritza historiako ezaguerak hartzeko instrumentu izatea. Horregatik sartu nintzen proiektu horretan, oso ideia polita iruditu zitzaidan. Sarri ikusten da jendeak ez duela historiarekiko interes berezirik eta hau jendearengana gerturatzeko modu polita izan daiteke. Historialariok oso astunak izan gaitezke batzuetan eta kosta egiten zaigu materia erakargarri bihurtzea.

“Jendeak gozatu egingo du Eliza Zaharreko saioan”

NOAUA! Ikuskizun hau aurretik eskaini duzue Zarautzen. Nolako harrera egin zitzaizuen zeuen herrian?
Xabier Alberdi Lonbide: Jendea oso gustura gelditu zen emaitzarekin. Batzuk historiarekiko duten zaletasunak bultzatuta joan zirela esan zidaten eta beste batzuk, berriz, bertso zaletasunak erakarrita. Aginagan ere bertsozaleak izango direla iruditzen zait gehiengoa. Gu zarauztarrak izanda eta etxean eginda saioa, nire lana ezagutzen dutenak erakarri nituen, baina Aginagan ez da berdina gertatuko, edo ez dut uste behintzat. Jendeak asko gustatu zitzaiola esan zigun eta bertsolariak ere oso onak direnez, denok gustura. Ni harrituta nengoen bertsolariek eguneroko gaiak gehiago lantzen dituztelako eta ikusita nolako lan ederra egin zuten iragana landuz. Bertso ederrak bota zituzten eta Aginagan ere gozatuko duela uste dut jendeak.

Emanaldi gehiago egingo dituzue begibistan?
Mantxik esan berri dit Zaldibitik deitu digutela. Pixkanaka badirudi zabaltzen ari den kontua dela eta oso pozik gaude horrekin. Ea saio gehiago sortzen diren.