Aginagako Herri Kooperatiba

Urtebeteko bide emankorra gaur arte

Herri kooperatiba sortzeko asmoaren jatorria azaldu dute gaur Aginagan egin duten ekitaldian, urtebeteko lanketaren emaitza.

Aginagan Herri Kooperatiba bat sortu eta martxan jartzeko egitasmoak urtebeteko ibilbidea osatu du dagoeneko. Orain arteko urratsen berri eman dute, igande eguerdi honetan, Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean egin duten jendaurreko aurkezpenean.

Egitasmo honek azken urtean jorraturiko bidean izan diren mugarri nagusiak nabarmendu dituzte. Iazko martxoan hasi ziren Aginagako eragile ezberdinen bueltan dabiltzan herrikideak biltzen, "Aginagan hutsune eta gabezia batzuk" zeudela ikusita. Horri erantzuteko sortu nahi dute hain zuzen, gaur mintzagai izan duten herri kooperatiba.

"Herritarrok geuk gure beharrak asetzeko"
Gipuzkoako Foru Aldundiak parte hartzea sustatzeko duen dirulaguntza deialdira aurkeztu, laguntza eskuratu eta lanari ekin zioten. Lehenbizi, udazken partean Aztiker Ikergunekoen laguntzaz Aginagak ziuen gabezia eta beharren inguruan galdezka aritu ziren. 463 aginagar daude erroldaren arabera, 376 dira 16 urtekoak. Haietatik 136 lagunek parte hartu zuten inkesta horretan. "Nahiko parte hartze altua izan zen", sustatzaileen esanetan. Etxebizitzan, hirigintzan, kale giroan, zerbitzuetan orohar dauden gabeziak identifikatu zituzten. Hortik aurrera, kooperatibak sortzen aritzen den OlatuKoop kooperatibaren laguntza jaso dute.

Abenduan emaitzak aurkeztuta, urte hasiera honetan bi formazio saio egin dituzte, "taldea zabaldu eta gaiak jorratzen hasteko". Lehenengoan, kooperatibak eskain ditzakeen aukerak aztertzeko eta bigarrenean, herritarren boteretzeaz aritu ziren, "herritarrok geuk gure beharrak asetzeko". Horretarako, "Aginagan nola gauden antolatuak ikusten hasi ginen".


Aginagako Herri Kooperatiba: orain arteko ibilbidea
Mugarri garrantzitsuenak
2022/3: talde motorra osatu eta Foru Aldundiaren dirulaguntza eskuratu zuten.
2022/11: hausnarketa eta galdetegia herritarrekin.
2022/12: galdetegiko emaitzen aurkezpena.
2023/1-2: bi formakuntza tailer ireki. Urtarrilaren 19koan, kooperatibismoa eta proiektu aukerak aztertu zituzten. Otsailaren 2koan herritarren boteretzeaz jardun zuten.

Arazo kolektibo garrantzitsuenak

1-Erosketak egiteko denda falta.
2-Zerbitzu falta orokorrean.
3-Etxebizitza falta, jende gaztea erakartzeko eta bertakoak bertan geratzeko.
4-Garraio publiko eskasa, komunikazio falta (ordutegi murritzak, autoarekiko menpekotasuna...).
5-Kale giroa falta da, auzo bizitza gutxi dago.
6-N634 errepidea, trafiko handia, arriskua.
7-Urbanistikoki ez dagoela planifikaziorik, dena sakabanatuta eraiki dela eta lotura txukunik gabe.
8-Kaleak eta espaloiak konpondu behar dira.
9-Inguruko udalerrietara mugitu beharra edozein gauza egiteko (erosketak, kanpoko jarduerak...).
10-Kutxazain automatiko falta.

Arazo pertsonalak
1-Biztanle kopurua gutxitzen, despopulazioa eta zahartzea.
2-N 634 errepidea, trafiko handia, arriskua.
3-Kaleak eta espaloiak konpondu behar dira.
4-Zerbitzuak falta dira, orokorrean.
5-Aginaga hiltzen ikustea, herri bizitzaren gainbehera.
6-Garraio publiko eskasa, komunikazio falta (ordutegi murritzak, autoarekiko menpekotasuna).
7-Etxebizitza falta, jende gaztea erakartzeko eta bertakoak bertan geratzeko.

Sustatzaileak
Antxomolantxa elkartea, San Praixku guraso elkartea eta Aginagako Eliza Zaharra elkargunea, eragileon bueltan dabiltzan norbanakoak.

Laguntzaileak

Aztiker eta OlatuKoop

Dirulaguntza
Gipuzkoako Foru Aldundia