Aginagako Herri Kooperatiba

"Gure asmoa herri kooperatiba bat sortzea da"

Urtebeteko lanketaren ostean, herri kooperatiba osatzeko asmoa dutela agertu dute gaur Aginagan.

"Gure asmoa herri kooperatiba bat sortzea da". Hauxe igande eguerdi honetan Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean egin duten aurkezpeneko mezu nagusia. Herriak dituen behar eta gabeziak aztertzetik hasitako bideak honaino ekarri ditu aginagarrak, "behar edo desio ditugun proiektu kolektiboak sustatu eta zerbitzuak eskaintzeko herri egitura" sortzera; herri kooperatiba bat.

Horren berri emateko deitu dute gaurko bilkura, "zertan gabiltzan adierazi eta ospatzeko bide hau hartu dugulako eta herri kooperatibari forma eman eta eratzeko asmoa dugula" azaltzeko. Dagoeneko talde eragile bat lanean dabil. Ostiral arratsaldero biltzen da Eliza Zaharreko elkargunean. "Deialdi berriak" plazaratzen joango direla iragarri dute, bertaratu direnei haiekin hartuemanetan jartzeko bideak zehaztera gonbidatzearekin batera.

Talde eragilea
Sortu nahi duten herri kooperatiba horren erdigunean kokatu nahi dituzte hain zuzen, aginagarrak; bai maila ezberdinetan sor daitezkeen ekimenetan lagundu edo parte har dezaketen norbanakoak, baita herri eragileak ere. Eta erakunde publikoak; kooperatiba hau ere beharrak plazaratzeko tresna gisa baliatu nahi dute. Osatua dagoen talde eragileak koordinatuko ditu lan hauek guztiak.

Tresna
Denetariko egitasmo eta alorrak barnebilduko dituen kooperatiba sustatu nahi dute. Hain zuzen, azken urtebetean egindako aurrelanketaren baitan herritarrei eginiko galdeketako emaitzetatik, besteak beste, turismoan, zerbitzuetan, energian, teknologia eta telekomunikazioetan, elikaduran, etxebizitzan edota kulturan eragiteko asmoa agertu dute. Baita sor daitezkeen gai gehiagotan ere. Prozesu honetan zehar, urte hasieran eginiko formazio saioetan ikusi ahal izan dutenez, "kooperatiba tresna polita izan daiteke Aginagan aplikatzeko". Tresna honen bidez proiektu ezberdinak gauzatzeko.