Kamioi bat irauli da Intxaurretan

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 17a, 13:48

Kamioi bat irauli da goizeko 9:15 aldera Aginagako Intxaurretan, N-634 errepidean. Bidea itxi behar izan dute. 

Kamioi bat irauli da N-634 errepidean ostiral goiz honetan, Aginagan, Intxaurreta parean. Errepidea "norantza bietan" itxi behar izan dute, Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzatik zehaztu duenez. Garabiak aritu dira lanean. Errepidea gerora zabaldu dute berriz.

Atxegalde-Orio arteko bidea itxita berriz
Gipuzkoako Foru Aldundiak Usurbilgo Udalari jakinarazi dionez, berriz ere itxi egingo dute N-634 errepidea, Atxegalden hasi eta Oriora arte, gauez, 22:00-06:00 artean, datorren astean. Zehazkiago esanda, "astelehen gauetik ostiral goizaldera arte, errepide ertzeko zuhaitzak inausi eta moztuko ditu". Iragan astean hasi zituzten lanok.

Troia eta Txikierdi arteko lanak maiatza amaierara arte
Gogoan izan, bestalde, otsailaren 28an amaitzekoak zituela Gipuzkoako Foru Aldundiak Troia eta Txikierdi arteko lanak N-634 errepidean. Azkenean ordea, ekainera arte luzatuko direla ohartarazi du egunotan. "Martxoaren 3an, amaitutzat eman ziren N-634 errepidearen oin-horma sendotzeko obrak, 1,715 eta 1,792 KPen artean, Usurbilgo udal-mugartean. Hala ere, obra horiek egin bitartean, horma sendotuaren alboko zatiak antzeko patologiak dituela ikusi zen, eta, beraz, beharrezkotzat jotzen da hormaren sendotzea Donostiarantz luzatzea". 40 metro luze eta 3 metro garai den horma sendotzeko, hormigoizko zapata baten bidez azpiak berrituko dira eta proiektatutako hormigoizko geruza bikoitza jarriko da.

Lanak amaitu artean, ondorioz, "Donostiarako noranzkoko erreia maiatzaren 31era arte itxiko da". Zirkulazioa noranzko bakarrekoa izango da eta orain arte bezala, semaforo bidez antolatuko da trafikoa, txandakako sisteman. "Sor litezkeen trafiko handiko aldietan, seinaleztatzeko langileen laguntza egongo da", Aldundiak prentsa-ohar bidez jakinarazi duenez.