Aginagako eskolak landutako azken proiektua aurkeztuko dute etzi

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 29a, 08:43

Lehen Hezkuntzako ikasleek uraren inguruan eta ontziolen bueltan egin duten azterketa aurkeztuko dute ostiralean.

Hiruhilero proiektu bat lantzen dute, ikasleen gogo eta beharretatik abiatuta. Oraingo honetan jorraturikoa jendaurrean aurkeztea erabaki dutela jakinarazi diote NOAUA!ri Aginagako eskolako Lehen Hezkuntzako ikasleek. Gertu duten natur baliabide bat behatu dute. "Hiruhileko honetan uraren proiektua landu dugu eta auzoko ontziolak ikertu ditugu, besteak beste", jakinarazi digute. 

Landutakoa, ikasitakoa, gainera, jendearekin partekatu nahi dute. Horretarako, Aginagan jarriko dituzten "QRak sortu ditugu". Hauen, eta orohar, hilabeteotan bideratu duten lanketa aurkeztera doaz. Ostiral honetan izango da, martxoaren 31n, arratsaldeko 14:45ean. Eskola aurrean biltzeko deia egin dute. Gero, Mapilen egitekoa dute aurkezpena. Modu honetan agurtuko dute 2022-23 ikasturteko bigarren hiruhilekoa. Opor asteetan murgilduko dira gero.