Itzuliak etzi zeharkatuko ditu Usurbil eta Aginaga

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 3a, 07:55

Asteazken arratsaldeko 14:00ak pasatxoan igaroko dira txirrindulariak Txikierditik Aginagara, N-634 errepidetik barrena. Adi, tarte horretan, ohi bezala, itxi egingo dute bide hau.

Punta-puntako txirrindulariak batuko ditu astelehen honetan Gasteiztik abiatuko den 62. Itzuliak. 23 taldeek parte hartuko dute, tartean, UCI World Teams-eko 18 taldeek. Antolakuntzak aurreikusten du "Itzuliaren iazko irabazlea, Daniel Felipe Martínez (Ineos Grenadiers), Jonas Vingegaard (Jumbo-Visma) eta Richard Carapaz (EF Education – Easypost) txapeldun olinpikoa egotea, besteak beste, honako hauekin batera: Enric Mas (Movistar Team), David Gaudu (Groupama-FDF), Adam Yates, Juan Ayuso eta Brandon Mcnulty (UAE Team Emirates), Egan Bernal eta Carlos Rodríguez (Ineos Grenadiers), Ion Izagirre (Cofidis), Mikel Landa eta Peio Bilbao (Bahrain Victorious), David Gaudu (Groupama-FDJ), Brandon Mcnulty (UAE Team Emirates) eta Simon Yates (Team Jayco Alula)".

Sei etapa izango ditu gaur hasi eta larunbatera arte, hilaren 8ra arte ikusgai izango dugun Itzuliak. Haietako batek udalerri hau zeharkatuko du etzi, apirilaren 5ean. Hirugarren etapak, hain zuzen, Orereta eta Amasa-Villabona izango ditu abiapuntu eta helmuga, hurrenez hurren. 154 kilometroko ibilbidearen baitan, 17,5. kilometrora heltzean iritsiko dira Usurbila. Errekaldetik barrena, N-634 errepidetik. Txikierditik hasita, Usurbil eta Aginaga zeharkatuko dituzte bide beretik Oriora iritsi aurretik. Hilaren 5ean 14:04 aldera ikusi ahalko dira txirrindulariak Usurbilen, 14:08 aldera Aginagan. Ohi den moduan, tarte horretan errepidea itxita egongo da.

Etapak
Apirilak 3: Gasteiz-Labastida.
Apirilak 4: Viana-Leitza.
Apirilak 5: Orereta-Amasa-Villabona.
Apirilak 6: Santurtzi-Santurtzi.
Apirilak 7: Amorebieta-Etxano-Amorebieta-Etxano.
Apirilak 8: Eibar-Eibar.

Informazio gehiagorako: itzulia.eus