Tropeletik ihes egindako hiru txirrindularirekin igaro da Itzulia

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 5a, 14:42

Ziztu bizian igaro dira txirrindulariak asteazken honetan, N-634 errepidetik barrena.

Heldu bezain azkar desagertu zaizkigu begi bistatik. Ohi bezala, ziztu bizian igaro da Itzulia Usurbildik eta Aginagatik. Iragarritako ordua baino minutu pare bat lehenago heldu dira lehen txirrindulariak N-634 errepidetik barrena; tropeletik ihes egindako hiru kirolari. Geroago itzuli dira gainerakoak.

Euskal Herriko Itzuliko hirugarren etapak udalerri hau alderik alde zeharkatu du; Txikierditik hasi eta Aginagaraino, N-634 errepidetik barrena. Halakoetan egin ohi duten moduan, itxi egin dute bidea tropela igaro artean. Troia eta Txikierdi artean errepidearen egitura indartzeko maiatza amaierara arte egingo dituzten lanak ere eten egin dituzte egunotan, txirrindulariek nahiko leku izan zezaten handik igarotzerakoan.

Hirugarren etapa, beraz, gaurkoa; Oreretan hasi da. Amasa-Villabonan amaituko da. Giro eguzkitsua izango dute bidelagun.

Itzuliko etapak
Apirilak 3: Gasteiz-Labastida.
Apirilak 4: Viana-Leitza.
Apirilak 5: Orereta-Amasa-Villabona.
Apirilak 6: Santurtzi-Santurtzi.
Apirilak 7: Amorebieta-Etxano-Amorebieta-Etxano.
Apirilak 8: Eibar-Eibar.

Informazio gehiagorako: itzulia.eus