N-634 errepideko errei bat itxita gaurtik Aginagan

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 24a, 09:18

Saneamendu lanak egiteko itxiko dute errei bat Aginagako bidean.

N-634 errepideko errei bat itxita egongo da gaurtik Aginagan, Txinorta parean, Aginaga erdigunea zeharkatu eta Oriora bidean, bi gasolindegiak dauden ingurune horretan hain zuzen. Errei bat itxi eta semaforo bidez kudeatuko dute ibilgailuen joan etorria, astelehen honetatik, apirilaren 24tik aurrera.

Itxieraren arrazoiaren nondik norakoak azaldu ditu Usurbilgo Udalak. "Añarbe eta Ura
egiten ari diren saneamenduko obrak direla eta" itxi beharko dute N-634 errepideko errei bat. "N634 errepidea gurutzatuko duen zanga bat ireki behar dute hoditeria sartzeko, eta, horretarako, beharrezkotzat jo dute errei bat ixtea. Astebeteko epea beharko dute lana gauzatzeko, eta, bitarte horretan, behin-behineko semaforoekin bideratuko dute trafikoa", zehaztu du Udalak.

Troia eta Txikierdi arteko lanak 
Bide batez, gogoan izan, azken asteotan Troia eta Txikierdi arteko N-634 errepide zatia guztiz zabalik dagoela, Euskal Herriko txirrindularien Itzulia igaro behar zuten apirileko lehen astetik hain zuzen. Baina berez, Gipuzkoako Foru Aldundiak ohartarazia duenez, maiatza amaierara arte luzatuak ditu aurreko hilabeteetan eremu horretan egitekoak zituen lanak. "Martxoaren 3an, amaitutzat eman ziren N-634 errepidearen oin-horma sendotzeko obrak, 1,715 eta 1,792 KPen artean, Usurbilgo udal-mugartean. Hala ere, obra horiek egin bitartean, horma sendotuaren alboko zatiak antzeko patologiak dituela ikusi zen, eta, beraz, beharrezkotzat jotzen da hormaren sendotzea Donostiarantz luzatzea. 40 metro luze eta 3 metro garai den horma sendotzeko, hormigoizko zapata baten bidez azpiak berrituko dira eta proiektatutako hormigoizko geruza bikoitza jarriko da", ohartarazia du Aldundiak. Lanok egiteko maiatza amaierara arte errei bat itxiko zutela aurreikusi zuten eta ibilgailuen joan etorria semaforo batek kudeatuko zuela.