Irati Borreguerok gaur estreinatuko den "Las buenas compañías" filmean parte hartu du

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 5a, 12:32

Estreinatu aurretik dagoeneko saritua izan den "Las buenas compañías" izeneko filmean parte hartu du Aginagako aktoreak.

70-80. hamarkadetan Errenteriako emakume talde bat emakumeen eskubideen alde borrokan aritu zen, zehatzago esanda, abortu eskubide duinaren aldeko borrokan. Taldeak, beharrezkoa zenean, haurdunak Frantziara eraman zituen abortu duin bat emateko. Testuinguru horretan kokatua dago eta benetako gertaeretan oinarritua, beraz, gaur zinemetan estreinatuko den "Las buenas compañías" filma. Albiste honetan duzue Silvia Muntek zuzendutako filmaren trailerra. Adi, 55. segunduan edota 1:25ean herrikide bat ageri da; Aginagako Irati Borreguero. Baita filmaren eszena esanguratsuenetako bat irudikatzen duen kartelean ere. Berri honi atxikitako argazkian, autobusean ageri da bere lau lankiderekin batera. Erdikoa da Irati.

Bi sari, estreinatu aurretik
Aginagakoak iaz Gipuzkoan eta Lapurdin ekoitzitako filmean parte hartu zuen. Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean aktore gisa formatzen ari da urteotan. Filmaz gain, tailerrean prestaturiko zenbait antzezlanetan parte hartu du bere ikaskideekin batera. Oholtzatik pantaila handira jauzia emango du gaur Iratik, ostiral honetan estreinatuko baita "Las buenas compañías" filma. Usurbildik gertuen, Urbilgo Cinesan izango duzue ikusgai gaurtik.

Zinema aretoetan estreinatu aurretik ordea, dagoeneko lehen sariak jaso ditu Silvia Muntek zuzenduriko film honek; Malagako zine jaialdiko Epaimahai Gaztearen Saria iragan martxoan. Horrez gain, berriki Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian ere proiektatu zuten film hau eta bertan Film Luze Onenaren Ikusleen Saria eman zioten.


"Las buenas compañías"
Zuzendaria: Sílvia Munt.
Iraupena: 95 minutu.
Ekoizpen urtea: 2022.
Ekoizpen tokia: Gipuzkoa, Lapurdi.
Hizkuntza: gaztelaniaz.
Aktoreak: Alicia Falcó, Elena Tarrats, Itziar Ituño, Ainhoa Santamaria, María Cerezuela, Nagore Cenizo Arroyo, Heren de Lucas, Sara Barroeta, Mikel Laskurain, Iván Massagué, Mikel Tello, Miguel Garcés, Itziar Aizpuru, Garazi Urkola.
Sinopsia: "1977ko uda. Beak 16 urte ditu eta aldaketak bultzatzeko herrialdean zehar zabaltzen ari diren mugimenduetara elkartu da. Emakume talde batekin kolaboratzen du kausa feminista ikusarazteko eta abortatzeko eskubidea onartzea lortzeko. Odola berotzen dion bere errebeldia hori ustekabeko sentimendu batekin nahastuko da, eta zeharo aldaraziko du barnean duen mundua. Hilabete horietan zehar, Beak oso adiskidetasun berezia izango du Mirenekin, bera baino zaharragoa den neska batekin. Bere konpromiso politikoak eta Mirenekin duen harremanak bere bizitzan mugarri izango den etapa bihurtuko dute uda hori".