Aginagako eskola partaide izan duen Mutiozabal ontziolako alaren botadura-ekitaldia gaur

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 6a, 11:31
Aginagako eskolako kideek ontzigintzari buruz landutako proiektuaren aurkezpena.

Aginagako eskolakoek ikastetxe gehiagorekin lankidetzan eraiki duten alaren botadura ekitaldian parte hartuko dute gaur Orioko Mutiozabalen.

Oriaren historian barneratzeko ekitaldi berezia larunbat honetan, maiatzaren 6an Orion. Gaztetxoek ontzigintza ezagutu eta bizitzea helburu duen hitzordu berezia izango da. Gogoan izango duzue, martxoa amaieran errioko ontzigintzaren historiari buruz egin zuten lanketa aurkeztu zigutela Aginagako eskolako kideek.

QR kodeak jarri zituzten, garai batean ontziolen lekuko izan zen errioko puntu ezberdinetan eta modu horretan ontziolen mapa osatu zuten: Urdaiagan, Zakoetan, Mapilen eta Orioko Mutiozabalen. Kodeon bidez, ikasleek ontziola hauei buruzko informaziora hel gaitezke; idatzizkora nahiz argibideokin sortu zuten audioetara. Errioak eta Aginagak garai batean ontzigintzaren sektorean izandako garrantzia nabarmena agerian utzi ziguten.

Horren harira,QR kodea jarri zuten guneotako batean izango dira gaur Aginagako eskolakoak, Orioko Mutiozabalen hain zuzen. Bertan, Orioko Mutiozabal Txoren Ontziolako lan taldeak abiarazitako hezkuntza proiektu berritzaile baten baitan, haurrek ontzigintza ezagutu eta bizitzeko ala bat eraiki dute, besteak beste, Aginagako eskolakoek, Orioko Zaragueta Herri Eskolakoekin eta Orioko Herri Ikastolakoekin lankidetzan. "Egunez egun ikasten eta proiektuaren zailtasun eta indarrak ezagutzen goazen heinean, Mutiozabal ontziolatik pasa diren ikasleekin ala bat eraikitzen goaz. Iltzez iltze, bertaratutako ikasle zein irakasleek izan dute ontzi honen eraikuntzan parte hartzea, eta era berean proiektuaren hastapenetan laguntza".

Eginiko lanketa ospatzeko bertan eraiki duten lehen alaren botadura ekitaldia antolatu dute gaurko, maiatzak 6. Segidan duzue iragarri duten egitaraua:


Maiatzak 6, larunbata
17:00 Mutiozabal Txoren Ontziolan eraikitako lehen alaren botadura ekitaldia: ontziola aldamenean kokaturiko arranpatik ontzia ureratzea. Tripulazioa Orioko Herri Ikastolako bi ikaslek, Orioko Zaragueta Herri Eskolako bi ikaslek eta Aginagako Herri Eskolako bi ikaslek osatuko dute. 
-Estropada sinbolikoa Mutiozabal Txoren Ontziolan eraikitako alaren eta Iruñeako Donibane CI ikastetxeko arotz ikasleek Albaola Itsas Kultur Faktorian diseinatutako alaren artean.
17:30 Mokadutxoa Mutiozabal ontziola alboko plazan.
18:00 Trikitixa kontzertua.
Antolatzailea: Mutiozabal Txoren Ontziolako lan taldea.
Babeslea: Orioko Udala.