Trafikoa eten duen N634 errepideko istripua ikerketapean du Ertzaintzak

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 6a, 17:07

Istripu bat tarteko, N634 errepidea itxi egin dute larunbat goizean Aginagatik Oriora bidean, hamaikagarren kilometroan.

Beste ezbehar bat N634 errepidean, oraingoan Aginagatik Oriora bidean. Larunbat goiz honetan gertatu da, 11:00ak pasatxoan. Errepidearen hamaikagarren kilometroan jazo da istripua, moto baten eta auto baten artean, Orio herrigunerako noranzkoan. Antza, moto gidariak talka egin du beste ibilgailuarekin. Larri zauritu da motoko gidaria.

Ertzaintza eta larrialdi zerbitzuetakoak joan dira istripua izan den tokira. Motoko gidaria artatu eta Donostia ospitalera eraman dute anbulantzian.

Ezbeharraren ondorioz, N634 errepidea erabat itxi behar izan dute. Aginagan Mapil aldera iritsi aurretik etenda zegoen jada gasolindegi parean ibilgailuen joan etorria. 14:30ak aldera zabaldu dute berriz, Ertzaintzak berri eman duenez, "laguntza-lanak eta bidea garbitzeko lanak amaitu ondoren".

Istripuaren harira, gaineratu duenez, "ikerketa abiatu du talkaren nondik norakoak argitzeko".