Aginagako eskolakoek arraunean uretaratu dute haien eskuz eginiko ala

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 8a, 11:05

Larunbatean uretaratu zuten Orioko Mutiozabal paretik errioan, udalerri hartako ikastetxeekin batera Aginagako eskolako ikasleek eskuz eginiko ala.

Ekinean ikastea baino modu zoragarriagorik ez dagoela erakutsi dute. Ahaleginak bere emaitzak izaten dituela ikusi ahal izan dute. Auzolanak ondoko irudiotako emaitza ederra izan du. Orioko Mutiozabalen gaztetxoek eraikitako lehen ala uretaratu zuten larunbat arratsaldean egin zuten eskertza eta aitortza ekitaldian. Tailer ondoko arrapalatik behera sartu zuten uretan eta estropada sinboliko batean parte hartu zuten lerrootan protagonistak ditugun sei gaztetxok. Orioko Zaragueta Herri Eskolako eta Orioko Herri Ikastolako bina ikasleek, eta haiekin, Aginagako eskolako beste bi kideek. 

Hain zuzen, estreinakoz, ikastetxeotako ikasleek eginiko ala da hain zuzen Mutiozabal paretik Orioko plaza pareraino gidatu eta bueltan ekarri zutena. Mutiozabal Txoren Ontziolako lan taldeak sustaturiko proiektu baten harira sortu zen ontzi hau eraikitzeko proposamena. "Beraiek egindako lan horren emaitza da gaur uretara botatuko dugun lehen ontzi hau. Proiektu honek etorkizunean arrasto handia utzi eta halako gehiago uretaratzea espero dugu", aipatu zuen Albaola faktoriako ordezkariak larunbateko ekitaldian.

Lorpen handitzat jo zuen Mutiozabalen ontziolaren eraikina "zaharberritu eta mantendu izana". Gaineratu zuenez, "apustu handia izan da. eraikin honen barruan zer egin erabakitzea. Kasu honetan, Albaolak hezkuntza proiektu berritzailea egiteko bidea hartu zuen".

Egitasmo honen baitan, Aginagako eta Orioko ikastetxeek auzolanean eraiki dute maiatzaren 6an uretaraturiko lehen ala. Esperimentazioa ardatz nagusi izan duen ekimen honetan, "ez da lan makala" izan, "hezkuntza eta didaktika aldetik potentzial handia duen proiektua da". Gaztetxoek lanabesak eskuetan hartu eta egiaztatu ahal izan dutenez, "haurrei haien jarrera erabat aldatzen zaie. Oso giro berezia izatea lortu dugu, haurrak kontzentratu eta gozatzea. Hamaiketakoaren unea iristean, ez zituzten lanabesak utzi nahi".

"Esperientzia zoragarria izan da"
Aginagako garai bateko ontziolen historiari buruzko proiektua lantzen ari zela izan zuten bertako eskolakoek Orion bideratzen ari ziren egitasmoaren berri. Gogoan izan, eginiko lana martxoaren 31n aurkeztu zieten eskolako kideek. Besteak beste, QR kodeak jarri zituzten, garai batean ontziolen lekuko izan zen errioko puntu ezberdinetan. Haietako bat, Orioko Mutiozabalen dago, ondoko irudiotan ikus dezakezuen moduan.

Eskolako zuzendari Leire Salaberriaren esanetan, "Mutiozabalera etorri eta ala bat egiteko aukera zutela ikusi genuen". Ustekabean harrapatu zituen bisitak. "Ikasleek uste zuten azalpenak entzuteko saioa izango zela". Baina ez, lanean jardun zuten. "Erremintak eman eta ala sortzen hasi ziren. Motz geratu zitzaien ordubeteko egun bateko saioa". Esperientzia guztiz aberasgarritzat jo zuen Salaberriak Mutiozabalen bizitakoa. "Berriz parte hartzeko prest" agertu dira, ekimen honetan parte hartzeko aukera eskertzearekin batera. "Esperientzia zoragarria izan da".

Aitortza
Orioko eta Aginagako ikastetxeetako gaztetxoek sortutako alaren uretaratze ekitaldia izan zen iragan larunbatekoa. Bide batez, Mutiozabal ontziola urte luzez bizirik eusten jardun duen Carrera familiak eginiko ahalegina eskertu eta oroitu nahi izan zuen egitasmo honen babeslea izan den bertako Udalak.