Larunbateko istripua izan zuen motozalea hil egin da

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 9a, 15:41

Larunbatean Orio eta Aginaga artean izandako istripuan larri zauritu zen motozalea hil egin dela berri eman dute.

Larunbat goizean N634 errepidean izandako ezbeharrean larriki zauritu zen motozalea zendu dela berri eman dute. Hedabideen arabera, 30 urteko andoaindarra da hildako gaztea. Maiatzaren 6an, goizeko 11:00ak pasatxoan jazo zen istripua errepidearen hamaikagarren kilometroan, moto baten eta auto baten artean, Orio herrigunerako noranzkoan. Antza, moto gidariak talka egin zuen beste ibilgailuarekin. Larri zauritu zen motozalea.

Ertzaintza eta larrialdi zerbitzuetakoak joan ziren istripura, motoko gidaria artatu eta Donostia ospitalera eraman zuten anbulantzian.

Ezbeharraren ondorioz, N634 errepidea erabat itxi behar izan zuten. Aginagan Mapil aldera iritsi aurretik etenda zegoen jada gasolindegi parean ibilgailuen joan etorria. 14:30ak aldera ireki zuten berriz, Ertzaintzak berri eman zuenez, "laguntza-lanak eta bidea garbitzeko lanak amaitu ondoren".

Istripuaren harira, gaineratu zuenez, "ikerketa abiatu du talkaren nondik norakoak argitzeko".