Emakumeen Itzulia igaroko da igandean N634 errepidetik barrena

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 12a, 08:37

Hirugarren eta azken etapak Aginaga eta Usurbil zeharkatuko ditu N-634 errepidetik barrena.

Iaz, bitan zeharkatu zuen udalerri hau eta aurten berriz ere, emakumeen Itzuliko partehartzaileak N-634 errepidetik barrena igarotzen ikusi ahalko ditugu. 2022ko edizioan gertatu moduan, hiru etapetan azkena inguruotatik pasako da, maiatzaren 14koa hain zuzen. 114,8 kilometroko etapak Donostia izango du abiapuntu eta helmuga. Buruntzaldea, Oarsoaldea edota Gipuzkoako hiriburu inguruak lotuko ditu. Txirrindulariak Oriotik barrena helduko dira N-634 errepidean zehar Aginagara 18:40 aldera eta handik Usurbil zeharkatuko dute.

Antolatzaileen esanetan, "dena erabakiko duen etapa. Ibilbideak Donostiako Klasikoa simulatzen du, Lezotik Jaizkibelera igota eta Murgileko hormatik Mendizorrotzeraino igota. Oriorako jaitsiera eta Donostiarako hurrengo kilometroak erlojupeko indibiduala izango dira, helmugara iritsi eta sailkapen nagusian garaipena lortzeko".

Aipatu moduan, "Itzulia Women" izeneko ekimenak hiru etapa izango ditu; maiatzaren 12an lehenengoa, Bizkaian jokatuko dena; Etxebarria eta Markina Xemein lotuko ditu 122,2 kilometroko ibilbideak; biharamunean, Gasteiz-Amurrio artekoa, 133,2 kilometrokoa. Guztira 370,2 kilometroko Itzulia izango da.

Emakumeen Itzuliari buruzko informazio gehiago, atari honetan jaso daiteke: itzulia-women.eus