Bakarrizketa gaua eta gaztetxoentzako ekimen sorta Aginagan

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 23a, 09:16

Umore gaua eta gaztetxoei zuzenduriko hiru hitzordu iragarri dituzte asteotarako Aginagan.

Bakarrizketa gaua Aginagan
“Irribarrea barra-barra” bakarrizketa gaua antolatu du Aginagako Eliza Zaharra Elkarguneak, larunbaterako, maiatzak 27, gaueko 22:00etan. "Mirari Martiarenak, Idoia Torregaraik,  Beatriz Egizabalek eta Iker Plazaolak monologo gaua eskainiko dute Aginagako Eliza Zaharrean". Sarrerak aurrez eskuratu ahalko dira 6 eurotan, usurbilkultura.eus plataforman edo Arrate tabernan.

Perli eta Koxkoloren “abentura zirraragarria”
Bakarrizketa gauaren aurretik, maiatzaren 27an 17:00etan hasita Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean. “Ikuskizun berri honetan, Perlik eta Koxkolok bidaia zoragarria biziko dute munduko hainbat uharte zeharkatuz. Istorio eta abentura liburuei omenaldia: Verne, Stevenson, Defoe... Abenturaz betetako ipuin musikatu dibertigarria, elkar hobeto ezagutzen eta gehiago maitatzen ikasteko. Haurren irudimena piztuko dugu eta familia giroan primeran pasako dugu”. Antxomolantxa elkarteak antolatutako 4-7 urte arteko haurrei zuzenduriko emanaldiko sarrera doakoa izango da.

Frontenis saioak
Ekainaren 1etik 21era izango dira LH 1-6koentzat, astelehen eta asteazken arratsaldeetan, 15:00-16:15 artean.

Yoga, dantza eta antzerkia
Hiru diziplina hauek uztartuko dituen ekintza iragarri dute 4-12 urte artekoentzat Aginagan ekainaren 22an, 23an, 26an, 27an, 28an, 29an eta 30ean, 10:00-13:00 artean. “Plaza mugatuak dira eta gutxi daude libre”. San Praixku guraso elkarteak antolaturiko ekimen hauetarako, maiatzaren 31 baino lehen eman beharko da izena: 695 723 192 (Aitziber).