Aginagako jaiak

Aginagako pilota jaialdirako sarrerak salgai

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 7a, 10:39

Aginagako festen lehen hitzorduetakoa izango da hiru neurketa barne hartuko dituen pilota jaialdia, irailaren 29an Ariztitxo pilotalekuan. Hitzordurako sarrerak eskuragarri dituzue jada. 

Santueneako jaiak izango ditugu aurretik, irailaren 15etik 17ra. Baina adi, asteburu hau igaro eta berehala hartuko baitu festen lekukoa urte garai hau borobilduko duen Aginagak. Irailaren 29an emango diete hasiera San Praixku jaiei. Lehen hitzorduen artean, dagoeneko Jai Batzordeak iragarri eta aurkezturiko pilota jaialdia izango da. Hilabeteko azken ostiral gauean, irailaren 29an ospatuko dute, 21:30etan hasita Ariztitxo frontoian.

Hiru partida barne hartuko ditu jaialdiak; binaka jokatuko diren saio hauek etxeko ordezkaritza izango dute, gainera. Belaunaldi gazteenaren parte hartzea izango duen lehenengoak Enaitz Errasti izango du lehiakideen artean. Emakumeen artean jokatuko den bigarrenean, Miriam Arrillaga. Azkenik, gizonezkoen arteko lehian, Aitor Arangurenek parte hartuko du. 

Oraindik hiru aste pasatxo geratzen dira hitzordu honetarako, baina antolatzaileek ohartarazi duten moduan, sarrerak salgai dituzue jada entradasfronton.com atarian. Datozen asteetan, Aginagako Arrate tabernan ere erosi ahalko dituzue, edota egunean bertan Aginagan kokatuko duten salmentarako lehiatilan.


Aginagako jaiak
Irailak 29, ostirala
18:30 Txupinazoa Eliza Zaharreko balkoian pregoi eta brindisarekin; txanpaina gure kontu!
19:00 Txosna irekiera.
19:00 Buruhandiak.
19:00 "Son de hoy" talde kubatarraren emanaldia Eskola Txikiaren aurrean.
21:30 Pilota jaialdia Ariztitxo pilotalekuan. Sarrera: 15 euro.
1. partida: gaztetxoak.
Aiert Aburuza-Ander Pagola
Aimar Alejo-Enaitz Errasti.
2. partida: Goiuri Zabaleta-Itxaso Erasun - Miriam Arrillaga-Nora Mendizabal
3. partida: Alberdi II-Aitor Aranguren - Artola-Iztueta

Irailak 30, larunbata
05:30 Oilasko biltzaileen gosaria.
06:00 Oilasko biltzaileen irteera Atarialde elkartetik.
11:30 Oilasko biltzaile txikien irteera Mapildik.
18:00 Txosna irekiera.
18:30 Jon Ostolaza eta Rakel Pujana trikitilariekin saioa Eskola Txikiaren aurrean.
Ondoren, herri poteoa.
21:00 Herri afari zoragarria. Sarrerak Arraten, 30 euro helduak eta 12 euro haurrak.
23:00 Txosna irekiera.
23:30 Erromeria frontoian: Laiotz taldea.
03:00 Dj Jotatxo Eliza Zaharrean.