Hunkituta eta ezin poztasun handiagoz igo da jada ezaguna egin den txupinazoko balkoira. Aginagako San Praixkuen aurtengo hasiera ekitaldian merezitako aitortza jaso du Iñaki Errasti arraunlariak. Bera izan da aurtengo omendua eta txupinazoa pizteko ohorea izan duen aginagarra. "Eskerrik asko denoi. Duela astebete esan zidatenean, ez nuen espero, ilusio handia egin dit", adierazi du mikrofono parean jarri berritan.
Aste honetako aldizkariari eskainitako elkarrizketan Errastik arraunlari gisa urte luzez jorratutako mende laurdeneko ibilbidearen azken txanpan zegoela aipatu zigun. Gogoan izan du garai hau. "24 urtez hor ibili gara, etxekoen, lagunen babesa sentitu dut. Eskertzekoa da", adierazi du pozarren.
Eskuartean zuen, oparitu dioten arrauna. Oroigarri gisa hunkituta jaso du alboan zituen etxekoen eskutik. Muturretako batean mezu hau zuen idatzia. "Erriotik barrena ur gainean gure izana eta izena itsasoratzeagatik esker onez, Agiñako herria". Haren gainean, arraun ontzia, bere ohiko zereginean marraztua.
Errioaren Egunerako gonbita
Aurrean zituen senide, lagun eta herrikideei jaietan primeran pasatzeko desioa helarazi die Errastik. "Aprobetxatu San Praixkuak topera, ez dakigu eta bihar non egongo garen".
Hitzordu guztietan parte hartzeko gonbita egin die parean zituenei, modu berezian ordean, noski, aurten, estreinakoz, jaien baitan urriaren 7an ospatuko den Errioaren Egunean. Alan, piraguan ibili edota Iñakik berak ekarritako ontzian arraunean egiteko aukera izango du goizeko 11:00etan Mapilera hurbilduko den orok. "Alan paseoak egin, paddle surfean aritu, traineruan arraun egiteko aukera izango da. Ea denon artean egun polit bat pasatzen dugun".