Aginagako jaiak

Jai Batzordea: "Eraiki harreman sanoak, elikatu etorkizuna, zaindu elkar eta zaindu gure bazterrak"

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 29a, 21:26

Aginaga San Praixku betean da jada, arratsaldean omendu duten Iñaki Errastik jaurtitako txupinazoaren ondotik. "Eraiki harreman sanoak, elikatu etorkizuna, zaindu elkar eta zaindu gure bazterrak", hortxe Jai Batzordetik plazaratu nahi izan duten mezua hasiera ekitaldi horretan.

"Eskaini diezaiogun indarrak hartzeko tarte bat, gozatu ditzagun San Praixkuak, herritik eta herriarentzat sortutako festak. Eraiki harreman sanoak, elikatu etorkizuna, zaindu elkar eta zaindu gure bazterrak. Jai parekide, arduratsu eta parte hartzaileen alde, gora Agiña eta aginagarrak, gora San Praixkuak!".

Hauxe Jai Batzordetik festen hasierara gerturatutakoei helarazi dieten mezua. Urriaren 7ra arte iragarri duten hitzordu eskaintza zabalean murgiltzeko deia egin dute, bereziki azken egun horretarako antolatu duten Errioaren Egunean. "Erriora gerturatzeko saiakera berezia egin dugu. Zehazki, bigarren larunbatean Errioaren Eguna antolatzea otu zaigu".

"Ez dugu errioari bizkar emanda bizi nahi"
Hilaren 7an goizeko 11:00etatik aurrera, Mapil inguruan biziko dena aurreratu dute, halako ekimen bat antolatzearen zergatiak azaltzearekin batera. "Gure herriaren historian pisu handia izan du ingurune honek eta eskuartean ditugun erronken artean, horrexeri ere heldu nahi izan diogu. Ez dugu errioari bizkar emanda bizi nahi, gure bizitzaren eta ondarearen parte izaten jarraitu dezan nahi dugu. Hurrengo larunbatean, errioarekin eta urarekin berriro harremanetan jartzeko aukera izango dugu; paseatu, hamaiketakoa egin, eta ea urtean zehar ere konturatzen garen zer altxor dugun ondoan eta mantentzen dugun".

Ez da eskuartean duten erronka bakarra. San Praixkuek egunotan Aginaga gogotik biziberritu eta herria egunotan jendez beteta ikustea pozgarritzat jotzen duten arren, "beti diogun moduan, egunero sentitu nahi genuke herria bizirik eta horretan jarraitzen dugu buru-belarri, gure herriaren esentzia indartu eta mantendu dadin".

Herri kooperatiba, "forma hartzen"
Ildo horretan, nabarmendu zutenez azken urtean "urrats garrantzitsuak eman ditugu etorkizunari begira". Batetik, urte hasieran herri kooperatiba sortzeko egitasmoa aurkeztu zuten jendaurrean. "Pixkanaka forma hartzen hasi da zorionez. Etorkizuneko denda kooperatibaren sustapena, telekomunikazioak eta bestelako zerbitzu eta beharrak ase nahi ditugu tresna berri honen bidez". 

Jakinarazi dutenez, "une honetan estatutuak amaitzen ari gara eta behin atal hau itxita, proiektuei bete-betean ekiteko ordua izango da. Milesker benetan bide honetan elkarrekin arraun egiten ari garen guztioi, bikaina izaten ari da".

Gogoan hartu dute, bestalde, azken aldian egin den hirigintza lan batek ekarri dien onura, "plazara heltzeko Elutxeko bide berria. Zorionez, autoen errepidetik urrunduta haur, gazte, zein helduek gozatzeko espazio berri bat dugu eskura. Ea elkarrekin erabilera eta bizipoza ematen diogun".