Aginagako jaiak

Dantza eta festa giro ezin udatiarragoan ibili dira oilasko biltzaileak

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 30a, 15:28

Eguna argitu aurretik abiatu dira soziedadetik oilasko biltzaileak. Aginagako eremu zabala zeharkatu dute. Eguerdian heldu dira Kaxkora, uda giro betean, festarako gogo biziz.

Iraila agurtzeko ere, bero sapa gaurkoan. Festa girorako, ordea, ezin aproposagoa. Ikusi bestela, ze goizpasa ederra bizi izan duten Aginagako jaien baitan oilasko biltzaileetan parte hartu dutenek. Eguna argitu baino lehen, gosari legea eginda, abiatu dira soziedadetik Aginaga goialdeko bideetan barrena. 

Hitzordu garrantzitsua izaten da hain zuzen oilasko biltzaileena, landa eremuan zehar bizi diren hainbat herrikide agurtzeko baliatzen dute egun hau. Etxe guztietan elkartruke ederra ematen da, batzuen zein besteen hurbileko harremanaren erakusle; oilasko biltzaileek festa giro ederra ekartzen diete ateraino, eta jan edan gozoa zerbitzatzen diete hainbat bizilekuetan.

Gaurkoan bezala, bidelagun izan duten bero itzelarekin edatekoa gogotik eskertu dute, dantzarako gogoa ez zaie eta eten. Trikitilariekin batera goialdetik Kaxkorantz egin duten bidearen azken ehunka metroetan egindako bideko irudi bilduma duzue segidan; Mapiletik aurrera jorratu duten ibilbidekoa. 

Zonalde horretan batu dira hain zuzen, goizean goiz ekimenean parte hartzera irtendakoak eta 11:00ak pasatxoan batu zaizkien hainbat familia ere. Urte luzeetako ohitura hau bizirik mantentzen segitzeko ahaleginetan dihardute, eta belaunaldiz belaunaldi transmititu nahian dabiltza. Horregatik, sustatzen dute belaunaldiartekotasuna ekimen honetan.

Baita jatorri aniztasuna. Asteburupasa Aginagan bizitzen ari diren bi katalanek ezustean oilasko biltzaileak topatu goizaldean eta festara animatu dira.