Aginagako jaiak

Astelehenetik aurrera Eliza Zaharrerako sarbidea itxita, jai egunetan izan ezik

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 30a, 09:45

Usurbilgo Udalak ohartarazi duenez, saneamendu lanak egin behar dituzte eremu horretan.

Adi, astelehenetik aurrera Aginagako Kaxkoan barrena joan etorririk egin behar duenak, bai bizilagunek, baita bisitariek ere. Usurbilgo Udalak jakinarazi duenez, urriaren 2tik aurrera, "Añarbek eta URAk saneamendu lanak egin behar dituzte Aginagako eliza inguruan". Ondorioz, N634 errepidetik Eliza Zahar aldera igotzeko sarbidea itxita egongo da astelehenetik aurrera. 

Usurbilgo Udalak ohartarazi duenez, etzitik zenbatzen hasita "10 egun beharko dituzte". Denbora tarte horretan, "Eliza Zahar aldeko sarrera trafikoarentzat itxiko dute". Ez egunero, ordea. San Praixkuetan murgildu berri den Aginagan, jai egunotan bertatik igarotzeko aukera izango da. "San Praixku egunean zein festetako bi asteburuetan bidea irekita egongo da", iragarri du Usurbilgo Udalak.