Aginagako jaiak

Musa, jan-edana eta Patata Tropikala haurrentzat bihar

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 30a, 17:32

Goizeko etenaldiaren ostean, bazkalostean helduko diete berriz San Praixkuetako ospakizunei.

Gaurko parranda gauaren ondotik, igande goizean atseden hartuko dute Aginagako jaiek. Bazkalostean itzuliko da festa giroa, belaunaldi ezberdinetako herrikideak bildu asmo dituen hiru hitzordurekin. Batetik, berrogeigarren ediziora heldu den mus txapelketa ospatuko dute 16:00etan hasita. Ordu-erdi lehenago irekiko dute izen-ematea.

Eguna borobilduko duen jan-edanaren aurretik, gaztetxoenentzako ikuskizuna ere programatu du Jai Batzordeak.
Patata Tropikala taldekoen “Pirata Garrapataren abenturak” emanaldia. Segidan dituzue xehetasunak.

'Pirata Garrapataren abenturak' Patata Tropikala antzerki taldearen ikuskizun bat da, bakarka eskaintzen duzuna. Aginagan lehen aldiz taularatuko duzue obra hau, ezta?
Antzezlanak baditu urte batzuk. Ez da berria eta sortu genuenetik hona egokitzen joan gara. Patata Tropikala taldearekin zazpi emanaldi ezberdin ditugu guztira. Besteetan, Judith Poves nire kidearekin aritzen naiz.

Gaztetxoen artean, Garrapata piratak oso ondo funtzionatzen duen seinale.
Hori da. Euskal Herriko txoko askotan izan gara. Nafarroan, Araban, Bizkaian... Ez nuke jakingo esaten zenbat emanaldi eskaini ditudan ikuskizun honekin.

Igande honetan Aginagan izango zarete. Aurretik izan zarete bertan, ezta?
Beste ikuskizun batzuekin egon izan gara aurretik. Badira urte batzuk ez garela Aginagara joan. Pandemia aurretik izango zen azkena. Ia beti gabonetan joaten ginen, eta ludotekan aritzen ginen.

Garrapata pirata eta bere lagun guztiekin agertuko zara aurtengo jaietan. Antzezlanera hurbiltzen diren gurasoek eta umeek zer topatuko dute?
Txotxongiloekin kontatzen den istorio bat da hauxe. Magia ere badu, malabare jokoak... Ni narratzailea naiz, antzezlea eta txotxongilo-egilea. Ez naiz magoa baina magia truko batzuk dakizkit eta horiek ere txertatzen ditut narrazioaren barruan. Malabareekin gauza bera egiten dut.

Eta antzezlan honen mamian zer dago?
Itsasoaren eta naturaren garrantzia azpimarratzen du istorioak, eta nola gauza txiki batekin dena kakaztu eta kutsatu daitekeen. Itsasoaren kutsaduraz hitz egiten da lan honetan. Didaktikoa ere bada; haurrei kate trofikoa zer den azaltzen diegu, eta kate honek zer nolako garrantzia duen. Oso anitza da.

Santueneko saiora adin guztietako haurrak hurbildu ziren. Adin ezberdinetako umeentzat dela esan daiteke?
Hala da. Duela egun gutxi Gorlizen izan nintzen, eta Haur Hezkuntzako ikasleen aurrean aritu nintzen. 2-3-4 urteko haurrekin. Santuenean koxkorragoak ziren umeak, baina unean uneko publikoaren arabera moldatu egiten dut erritmoa, egiteko era, txisteak...

 

Aginagako jaiak
Urriak 1, igandea

16:00 XL. Mus Txapelketa Irekia Eliza Zaharrean. Izen-ematea 15:30-16:00 artean.
17:00 “Pirata Garrapataren abenturak” antzerkia, txontxongiloak, malabareak eta magia ikuskizuna Patata Tropikala konpainiaren eskutik. Eskola Txikiaren aurrean.
19:00 Haragi egosi, txorizo eta sagardo banaketa trikitixaz lagunduta.

Urriak 4, asteazkena: San Praixku Eguna
11:00 Meza Nagusia.
12:00 Jubilatuen hamaiketakoa Aginaga Sagardotegian, Beñat Gaztelumendi eta Agin Laburu bertsolariekin lagunduta.
18:00 Herri kirolak frontoian, herritarren arteko erronka!
19:30 Sardina eta sagardo banaketa.
Bitartean, XXXIX. Toka txapelketa herrikoia eta buruhandi bizkor-bizkorrak.

Urriak 6, ostirala: Umeen Eguna
10:00 Umeen jolasen hasiera.
13:00 Umeen bazkari goxo-goxoa.
16:00 Puzgarriak frontoian.
17:30 Txokolate goxo-goxoa.
18:30 Ur zezenaren entzierroa Aginaga Sagardotegitik plazara eta buruhandi gaizto-gaiztoak. Bustita eta bero-bero haurrak etxera bidaltzeko. Argi ibili!
19:00 Musikaz girotutako poteoa.
21:00 Gazte afaria Aginaga Sagardotegian. Prezioa: 30€. Izena emateko idatzi irailaren 29aren aurretik: 616 93 35 56.
23:00 Txosna irikiera.
23:30 Kontzertuak Eliza Zaharrean: Viafara eta Ameba.
Ondoren, Dj Urdaira.
Egunak argitzean, etxera.

Urriak 7, larunbata: Errioaren eta Kintoen Eguna
11:00 “GOZATU ERRIOAZ”: piraguak, alan paseoak eta traineruan arraunean ibiltzeko aukera eta hamaiketakoa!
18:00 Txosna irekiera.
19:30 Distopia Elektrotxaranga! 
00:00 Kontzertua eta erromeria frontoian: Herenegun eta Bidebatez.
03:30 DJ ZKN Brothers Eliza Zaharrean.
08:00 Errefus bilketa.

Antolatzaileak: Jai Batzordea.