Aginagako jaiak

Kutsaduraren eraginaz ohartarazteko ikuskizuna plazaratu du Patata Tropikalak

Noaua Aldizkaria 2023ko urr. 1a, 17:42

"Pirata Garrapataren abenturak" izeneko ikuskizunak kutsadurak naturan duen eraginaz ohartarazi nahi izan die gaztetxoei.

Mus jokalariak Aginagako eliza zaharrean lehia bizi betean murgildu berritan, gaztetxoenek ondoko frontoian izan dute San Praixkuetako igande arratsalde hau igarotzeko alternatiba. Izatez, eskola atariko plazatxoan eskaini behar zuen emanaldia baina, gaurko uda giro beteko egun hau tarteko, itzalpera lekuz aldatu dute, Ariztitxo pilotalekura. Bertan kontatu ditu Patata Tropikala taldeak "Pirata Garrapataren abenturak".

Kutsadurak ingurumenean duen eraginaz ohartarazteko
"Magia, antzerkia eta txontxongiloak tartekatzen dituen ikuskizuna" da honako hau, egileen esanetan, "kutsadurak naturan duen eraginaz hitz egin nahi duena. Pirata Garrapatak bidaia izugarriak egin ditu mundu osoan zehar. Bidaia hauetan guztietan hainbat abentura bizi ditu: Indian, txirula magikoa aurkitu zuen, Australian, poltsa magikoa eta Errusian, era guztietako edalontzietan sartzea lortu zuen. Baina inoiz bizi izan duen abenturarik izugarriena, itsazpean bizitakoa izan da. Gaur, egun berezia denez, era berezian kontatuko dugu istorioa. Itsasoan murgilduko gara!".

Bertan, Patata Tropikala taldetik diotenez, "Bixigu Begigorri, Plakton, Pulpi olagarroa eta beste lagun asko ezagutuko ditugu. Bixigu Begigorrik itsasoan arazo izugarri bat dagoela kontatuko digu… Lortu ahal izango du, Pirata Garrapatak, arazoa konpontzea?".

Ostiralean Umeen Eguna
Gogoan izan, gaurko ikuskizunaren ondotik, datorren urriaren 6an ospatuko dutela Aginagako festen baitako Umeen Eguna. Hitzordu hauekin guztiokin:
10:00 Umeen jolasen hasiera.
13:00 Umeen bazkari goxo-goxoa.
16:00 Puzgarriak frontoian.
17:30 Txokolate goxo-goxoa.
18:30 Ur zezenaren entzierroa Aginaga Sagardotegitik plazara eta buruhandi gaizto-gaiztoak. Bustita eta bero-bero haurrak etxera bidaltzeko. Argi ibili!