Aginagako jaiak

Errioan barrena ibiltzeko aukera larunbatean

Noaua Aldizkaria 2023ko urr. 3a, 11:29
Argazkia: Gorka Lasa.

Errioa eta bere inguru ederrez gozatzeko aukera ezinhobea eskainiko du Aginagako Jai Batzordeak urriaren 7an, goizeko 11:00etan hasita Mapilen. Modu ezberdinetan, altxor bizi hau ukitu, ikusi eta usaintzeko bide bat baino gehiago izango da. Errioaren bueltako kultura biziberritzea da antolatzaileen asmoa.

Zergatik erabaki duzue Errioaren Eguna txertatzea festen egitarauan?
Pixkanaka, belaunaldi berriak aurrera doazen heinean, errioarekin ahazten joan gara. Ez gara kontziente duela 50 urte Aginaga ia erriotik bizi zela. Angula enpresen booma izan zen, ia etxe bakoitzetik baten  bat joaten zen angulak harrapatzera, gazte piloarentzat aurreneko lana Oriotik hondarra kargatu eta Aginagara ekartzea izaten zen... Gaur egun, Aginagan guztira 6-8 ala egongo dira gehienez. Errioko kultura galtzen ari dela ikusita, zerbait egin nahi zen. Hortik dator Errioaren Eguna. 

Aginagak errioarekin zuen hartuemana ekonomikoa eta emozionala hor dago noski.
Eta kirolarena. Bi Kontxako Bandera hortik datoz azkenean. Gaur egun, pentsaezina litzateke, Aginagatik traineru bat ateratzea. Pentsa, orduan, normaltzat jotzen zen Kontxako Bandera jokatzea. Lotura emozionala bada dudarik gabe. Badira oraindik ere errioari egunero bisita bat egin behar diotenak. 

Zer harreman du egun Aginagako herriak errioarekin? 
Gaur egun, 6-8 lagun gaude ala dutenak, anguletara joaten direnak. Horiexek azaltzen dira erriora; tarteka erriora buelta bat ematera, angula garaian anguletara. Handik aurrera, azaltzen diren bakarrak Txokoaldetik Oriora doazen turistak dira edo, tarteka, Oriotik datozen arraunlariak entrenatzera. Aginagak errioarekin bizitu duena kontuan izanda, bapatean azkeneko hiru bat belaunalditan ze haustura egon den erriorarekin, penagarria da. Azkenean, errioa guretzat ez da inoiz izan muga bat, bizitzeko modu bat baizik, elikagaiez hornitzeko edo mugitzeko toki bat izan da. 

Ontziolen herria izan da.
Itsasorik ez duen kostako herri bat da. Historiak hala erakusten du, egon den jarduera ekonomikoagatik, komunikazio bide ezinbestekoa izan da Aginagarentzat errioa. Pentsa, ontziolak kontuan hartuta bakarrik ze garrantzia izan duen mendeetan zehar. Gero, azken mendean, ontziolak murriztu ahala, beste egoera ekonomiko ezberdinak baliatzen jakin du Aginagak errioaren bidez.  

Harreman honen galerak etenaldia ekarriko balu herria eta errioaren artean, zer galduko luke Aginagak?
Aginagaren esentzia guztia errioarekin lotua dago, beraz, hori dena galduko luke. Gure aro emankorrena eta sustrai denak galtzen ditu Aginagak erriotik urrutiratuta. 

Egoera hau irauli nahi duzue jaiotan ezta?
Bai. Halere, hasiera bat izatea litzateke asmoa, aurrerago ezin jakin zer eta nola egingo dugun, baina honek jarraipen bat izan behar du. Hau hasiera modukoa da, galdu dugun harremana berreskuratzeko. 

Zer egin asmo duzue Errioaren Egunean?
Begi Bistan enpresaren zerbitzua kontratatu dugu, Txokoaldetik Oriora jaitsierak antolatzen dituena. Berak ekarriko ditu piraguak eta padel surf egitekoak, tartean, padel surf erraldoi bat 8-10 pertsona gainean ibiltzeko. Gero, Iñaki Errasti Ondarrutik traineru bat ekartzekoa da bertan ibili ahal izateko. Aginaga bertako 3-4 ala eta ala gizon ere hor ibiliko dira, nahi dutenek errioan paseatzeko aukera izango dute. Horrez gain, festa borobiltzeko jan-edana ez da faltako Mapil aldean, jubilatuak parrilla pizteko asmotan dira. 

Biltzeko tokia, beraz, Mapil izango da?
Bai, sarbide errazena hor dagoelako batetik, eta historikoki ere alagune nagusia hor izan delako, ontziola nagusia inguruotan zegoen. Horrez gain, festa giroa pixka bat deszentralizatu nahi dugu, Kaxkotik atera eta zabaldu. Mesedez, oinez gerturatu. Bide eta paseo polita dago bertara joateko eta oinez gerturatzeko deia egin nahi dugu, Mapilen ez baitago lekurik aparkatzeko. Errioaren partea da erribera eta bertatik ikaragarrizko paseo polita dago Mapileraino, bai Aginagatik, Txokoaldetik eta Usurbildik. Egun borobila izan liteke, paseatuz gerturatu, errioan ibili, hamaiketako eder bat dastatu eta berriz ere paseatuz etxeratzeko.

Zer ikusteko aukera izango dugu ala batera igota?
Duela bi urte, Itxaro Borda ibili zen hor. "Euskal Amazonas" deitu zion inguru honi. Erriotik perspektiba osoa aldatzen da, perspektiba ezberdinetik ikusten dira zelaiak, animaliak, dena. Lasaitzeko ederra da. Ez du zerikusirik Aginaga errepidetik ezagutu duenarentzat, erriotik ezagutzea. Zeharo ezberdina da. Altxor handi bat da galtzen ari garena.

Ikusgarri egitea altxor hori baloratzeko lagungarria izango da ezta?
Bai. Angularen arrantza profesionalizatu egin nahi den honetan, oso oso zaila jartzen ari da anguletara joan ahal izatea. Horretarako, egin behar da txalupa legalizatu, karneta behar da, lizentzia lortu. Aginagan 6-7 lagun soilik hori lortzeko ahaleginetan ari dira. Aurrera begira ere pentsa zer esan nahi duen horrek. Gutxienez, denak nahiko gazteak dira. Baina pena da. Azkenean, tradizioa galtzeko aukera ere hor dago. Ea hori transmititzeko gai garen.

Transmisioa aipatuta, garrantzitsua irudituko zaizue urte hasieran Aginagako eskolak ontziolen bueltan egindako lanketa? 
Egunotan joan dira Aginagako eskolatik Orioko Mutiozabal ontziolara, beste ala bat egiteko proiektua abiarazi dute. Aginagako eskolakoak joan dira egunotan egitasmo horri hasiera ematera. Polita da aukera hori ematea. Aurrekoan, proiektuaren bukaeran joan ziren, azkeneko errematea ematera. Orain, beste proiektu berriaren hasieran egoteko aukera eman diete. Prozesua ikusiko dute, ala baten eraikuntza nolakoa izango den, polita da. Halako ideiak buruan ditugu; egunen batean, Aginagan komunitatean ala bat eraikitzeko ideia esaterako. 

Aipatu moduan, festetako ekimen hau abiapuntua izatea nahi duzue.
Asmoa behintzat bai. Azkenean, herria biziberritzea nahi izanez gero, ezin du azpiak sustrairik gabe hazi. Zentzua izan behar du. Aginagari bere nortasuna ematen diona errotu eta mantendu behar dugu. 

Errioaren Eguna bezalako ekimenen bidez, festetako eguneko eskaintza indartzeko apustua ere nabarmendu nahi duzue Jai Batzordetik.
Gauak bere garrantzia du eta oso ondo dago, baina azkenean, komunitatea sendotzeko eguneko eskaintza egin beharra dago adin guztientzat. Eskaintza hau indartzen saiatu gara azken urte hauetan eta horretan segi asmo dugu. 

Errioaren Eguna horren islada da ezta, belaunaldiartekotasun hau sustatu nahi duzue? 
Bai, etorri daitezela eta bakoitzak ahal eta nahi duenetik bizi dezala urriaren 7ko festa. Haurrak agertzea espero dugu, baina ilusio berezia egingo liguke, garai batean errioan ibiltzea normaltzat izan eta agian urte askotan errioa zapaldu gabe egon diren adinduak etortzea. Pozgarria litzateke jende hori alan paseatzen ikustea. 

Garai batean bezala, erriora bueltatzea azken finean?
Saiatuko gara, alara ahalik eta errazen igo, jaitsi eta paseatzeko aukera ematen adinduei. Gazte eta heldu hainbatek ere adierazi digute traineruan ibiltzeko ilusio berezia dutela. Askorentzat errioan barneratzeko lehenengo aukera izango da. Adin guztientzako da. Aginagan soilik ez, Usurbilera begira ere jende asko egongo da errioan behin ere ibili ez dena, eta aukera ederra da horretarako. Aukera hori aprobetxatu! Gainerakoan, egitarauko liburuxkaren sarreran adierazi moduan, urtean zehar egoten dira momentuak lanerako eta herrigintzarako, baina hartu tarte bat egunotan, mundu kaotiko eta estresatu honetan eta gozatu San Praixkuez topera; sagardoaren txinparta dela, sardinak direla, gauetako kontzertuak direla… Gozatu!