Aginagako jaiak

Bapo dastatuz ekin diote San Praixku egunari

Noaua Aldizkaria 2023ko urr. 4a, 14:04

Aginagako jaietako festa egun nagusia hamaiketako ederra dastatuta ekin diote helduenek Aginaga sagardotegian.

Asteazken eguerdiko 12:00ak jota Aginaga sagardotegiko mahaiak ohi baino lehenago hasi dira jendez betetzen; ez bazkaritarako noski, nahiz otordu hau ezinhobeto ordezkatu duen hamaiketako oparorako. Urteko festa egun nagusia dute gaur bertan, Aginagan jai, San Praixku eguna baita. 

Egutegian ondo seinalaturiko urriaren 4 hau, sagardotegi horretan bilduta ekin diote. Bertan sukaldatu duten mokadu eder askoa dastatu dute. Jai Batzordekoek zerbitzaturiko salda edota haragi nahiz txorizo egosi ederraren bueltan batu dira aginaga helduenak. Eta haiekin, azken urteotan hutsik egiten ez duten bi bertsolari; Agin Laburu eta Beñat Gaztelumendi. 

Jubilazioari edota Aginagako festei eskainitako bertsoz blaitutako hamaiketakoa dastatu dute, beraz, Aginaga sagardotegira joandakoek.