Aginagako jaiak

Aginagarren arteko desafio itzelak lagunartea izan du saritu nagusia

Noaua Aldizkaria 2023ko urr. 5a, 11:57

Aginagarren arteko herri kiroletako lehia bizia izan da jaietako egun nagusian.

Ezin da ukatu aginagarrak erronkazaleak ez direnik. Jaietako herri kiroletan argi ikusten da urtero. Bizi berri izan duten San Praixku egun honetan ere, dena, onena eman dute, etxekoen artean jokatu dituzten probetan. Talde txuri eta urdinaren bueltan batzen diren aginagarrek taldeko kolorea gogotik defendatzen dute, baina argi dute zein den saria; denen artean osatzen duten lagunarte eta komunitatea.

Urtez urte ateratzen diegun talde argazkian nabari daiteke, erreleborik badela, gainera, ez dela berehalakoan haria etengo. Belaunaldi ezberdinetako kideak erakartzen ditu hitzorduak, aurtengoan bezala. Lokots bilketan, trontzan, sagar bilketan, txingen garraioan, artoa aletzen... sutsuki lehiatu dira Aginagako heldu eta gazteak. Talde urdina izan da garailea aurtengoan. Sokatiran amaitu dute haien arteko erronka.

Txantxa gutxi izan da txapelketa osoan zehar. Lagunarteko erronka izan arren, proba serio asko hartu dute ondoko irudiotan ikus dezakezuen moduan.