Aginagako jaiak

Sardina jan ederrak, tokak eta buruhandiek agurtu dute San Praixku egun handia

Noaua Aldizkaria 2023ko urr. 5a, 11:38

Aginagarren jai egun nagusia, jan-edanarekin, toka txapelketarekin eta gaztetxoenentzako buruhandiekin borobildu dute bart.

San Praixku egunez, Aginagako Hariztitxo frontoian jokatutako etxekoen arteko herri kiroletan jardun nahiz hitzordua ikusten aritu zirenentzat, askari ederra prestatu zuten segidan; sardina jana, bertako sagardo ederra edateko aukerarekin. Une berean, beste bi hitzordu ere antolatu zituzten; gaztetxoenentzat buruhandiak ibili ziren aurrera eta atzera, parean topatzen zutena maskuriarekin gogotik emanez agurtu zuten.

Helduentzat, frontoian bertan toka txapelketan lehiatzeko aukera eskaini zuten. Ohi bezala, denetarik eta denontzat bazen zer ospatua atzoko San Praixku egunez. Bilgune garrantzitsua izan ziren hitzorduak, aginagarren topagunea ondoko irudiotan ikus dezakezuen moduan.

Atseden eguna dute gaurkoa, festen azken asteburuan murgildu aurretik.

Aginagako jaiak
Urriak 6, ostirala: Umeen Eguna
10:00 Umeen jolasen hasiera.
13:00 Umeen bazkari goxo-goxoa.
16:00 Puzgarriak frontoian.
17:30 Txokolate goxo-goxoa.
18:30 Ur zezenaren entzierroa Aginaga Sagardotegitik plazara eta buruhandi gaizto-gaiztoak. Bustita eta bero-bero haurrak etxera bidaltzeko. Argi ibili!
19:00 Musikaz girotutako poteoa.
21:00 Gazte afaria Aginaga Sagardotegian. Prezioa: 30€. Izena emateko idatzi irailaren 29aren aurretik: 616 93 35 56.
23:00 Txosna irekiera.
23:30 Kontzertuak Eliza Zaharrean: Viafara eta Ameba.
Ondoren, Dj Urdaira.
Egunak argitzean, etxera.

Urriak 7, larunbata: Errioaren eta Kintoen Eguna
11:00 “GOZATU ERRIOAZ”: piraguak, alan paseoak eta traineruan arraunean ibiltzeko aukera eta hamaiketakoa!
18:00 Txosna irekiera.
19:30 Distopia Elektrotxaranga! 
00:00 Kontzertua eta erromeria frontoian: Herenegun eta Bidebatez.
03:30 DJ ZKN Brothers Eliza Zaharrean.
08:00 Errefus bilketa.

Antolatzaileak: Jai Batzordea.