Estreinako eguna izan da gaurkoa, izan duen harrera ikusita, aurrerago segida izango duena zalantza izpirik gabe. Aginagako San Praixkuetako proposamen berria izan da larunbat honetako Errioaren Eguna. Herria erriora hurbildu, bizkar emateari utzi, bertan dugun ondare bizi honetaz gozatu, barrutik ezagutu eta hartuemana sendotzeko aukera ederra izan da gaurkoa, hitzorduan parte hartu dutenek ezin hobeto baliatu dutena.
Haur, gazte eta helduak batu dira Mapilen. Nork bere plana egin ahal izan du errioan; nahieran gozatu ahal izan du Oriak eskainitako paraje ederrez. Aginagarrek zuzenduriko aletan bi ibilbide osatu dituzte hainbat lagunek; bai Txokoalde alderantz, baita Sarikola aldera ere. Ederra izan da ikustea, errioarekin hartueman estua izan duten hainbat lagun berriro ere erriora bueltan.
Iñaki Errastik Ondarroako ontzia ekarri du lagunekin batera arraunean Orio aldetik eta Errio Egun honetan, nahi zuenak jardun horretan parte hartu ahal izan du errioan gora eta behera. Orioko Begi Bistan enpresak ekarritako piraguetan ere primeran pasa dute beste hainbatek, edota paddle surfean.
Izan dugun uda giroa tarteko, bainatzeko ere baliatu du errioko bisita. Denek, goizean zehar xahututako indarra Mapilen sukaldatu duten mokadutxo goxoarekin berreskuratu dute.
Ezohiko irudiak ikusi dira gaurkoan. Gutxitan gaur bezala, herria erriotik hain gertu.