#A30

Azaroaren 30erako aldarrikapenen Herri Akordioa aurkeztu dute

Noaua Aldizkaria 2023ko urr. 7a, 13:20
Argazkia: Denon Bizitza Erdigunean.

Zaintza eskubide kolektiboaren alde, Euskal Herriko Mugimendu Feministak azaroaren 30erako deitua duen greba orokorrera begirako beste ekarpen bat. Euskal Herriko alor edo sektore ezberdinetako herri eragile desberdinek lankidetzan osatu duten Herri Akordioa aurkeztu dute larunbat honetan, urriaren 7an Hernanin. Aipatu mugimendu feministak aldarrikaturiko "herri eredurantz urratsak emateko" oinarritzat jotzen dute adostasun hau.

Azaroaren 30erako deitu duten greba egunean egingo duten moduan, "zaintzarako eskubide kolektiboaren aldeko apustua egin nahi dugu; hau da, pertsona guztiek, bizi osoan zehar, askatasunez eta konpromisoz, zaintza eskaintzeko eta jasotzeko duten eskubidearen alde egin nahi dugu".

Testuinguru horretan, akordio honen bidez, "zaintza eskubide unibertsal bezala aitortzeko eskaera egin eta zaintza sistema publiko-komunitario berri baten beharra plazaratu nahi dugu. Baita ere, egungo zaintza erregimen sostengaitzaren irakurketa konpartitu bat egin", adierazi dute agerraldi bidez.

Herri Akordio honen sustatzaileen esanetan,
"Greba Feminista Orokorra Euskal Herriko Mugimendu Feministatik abiatu eta herri mugimendu, sektore eta eragile gehiagorekin elkarlanean josten ari garen prozesua", adostasun zabal horren isla da.

Azaldu dutenez, "zaintza lanen egungo antolamendu soziala eraldatu nahi dugu, eta horrek dakar bi planotan pentsatzea eta aldaketak eragitea. Alde batetik, premiei erantzutea, hau da, egun, prekarioen eta kolapsatuen dauden egoerei aurre egitea. Bestetik, epe luzera begiratzea eta bizitza erdigunean jarriko duen sistema sozial bat imajinatzea eta definitzea, sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala gaindituko dituena".

Irakurketa partekatua
Egungo zaintza sistema eredua salatu dute; eredu honen pribatizazioa batetik. "Euskal Herrian, zaintzarako zerbitzuak erabat pribatizatuak daude. Euskal instituzioetatik sistematikoki pribatizatu dira ahal izan diren zaintza-zerbitzu guztiak, enpresa lagunen eskuetan jartzeko, zaintza jasotzen dutenen ongizatearen eta langileen lan-baldintzen kontura. Komunitate hitza erabiltzen badute ere, familia heteropatriarkala erdigunean jartzen duten politikak erabiltzen ari dira zerbitzu horiek ez garatzeko; berriro ere, zaintza lanak emakumeon gain daude, eta sarritan emakume migratu arrazializatuengan".

Indarrean den sistema kapitalista, heteropatriarkal eta arrazista honetan ardura dutenek "gure bizitzen gainetik kapitala jarri dute", salatu dute.

Testuinguru honetan, erantzunkizuna eta konpromisoa exijitu diete arduradun politikoei. "Egoera hau sostengaitza da eta horren arduradunek izen abizenak dituzte". Egungo zaintzen eredua irauli beharra dagoela nabarmendu dute. "Zaintzekiko konpromisoak nahiz erantzukizunak hartu behar dira, eta lanaren banaketa sexual eta arrazista desegin. Zaintza, premia eta eskubide kolektibo gisa hartuta, bizitza osoan zehar".

Zaintza, gogorarazten dutenez, "bizimodu duina eraikitzeko oinarria da: ez da unean uneko zerbait, zaintza bizitzako une eta eremu guztietan beharrezkoa da. Gure gorputzen, komunitateen eta lurraren iraunkortasunerako ezinbestekoa da; hau da, bizitza, ongizatea eta osasuna kudeatzeko beharrezkoa".


Epe laburrerako lehentasunak:
-Zaintza duinen unibertsaltasuna eskubide gisa aitortzea eta bermatzea.
-Zaintza sistema publikoa indartzea eta garatzea.
-Zaintza zerbitzuen pribatizazioa amaitzea.
-Etxez etxeko laguntza zerbitzua indartzea eta garatzea.
-Atzerritartasun legea bertan behera uztea, eta bitartean, zaintza langile guztiak erregularizatzea.
-Erroldatzeko eskubidea guztiontzat eskuragarri izatea.
-Etxeko langile egoiliarren erregimena desagerraraztea.
-Etxeko langileak lan-erregimen orokorrean sartzea: Lanaren Nazioarteko Erakundearen 189. hitzarmena bere osotasunean berrestea.
-Etxeko langileei gutxieneko soldatatik gorako lansaria ezartzea.
-Zaintza sektoreko langileen lan baldintzak hobetzea.
-Zaintzaileei laguntzeko sareak sortzea.
-Zaintzeko denborak bermatzea: lanaldia murriztu soldata txikitu gabe.
-Gizonak interpelatzea, ez zaintzearen pribilegioari uko egin diezaioten eta zaintza lanetan ardura har dezaten.
-Zaintzeko baimenak zabaltzea eta handitzea: loturagramak.
-Zaintza lanak transbertsalki lantzea: hezkuntzan, osasungintzan eta lan eremuan, besteak beste. -Denontzako pentsio duinak ezartzea: 1080 eurokoak gutxienez.
-Agroekologia babestea eta sustatzea.
-Etxebizitza eskubidea bermatzea: merkatuan esku hartzea.


Epe luzerako lehentasunak:
-Zaintza sistema publiko-komunitarioa garatzea: aldaketa kultural handi bat eskatzen du eta transbertsalki momentu oro landu behar da.
-Lanaren banaketa sexual eta arrazista amaitzea.
-Herri antolaketa feminista bat garatzea: espazioen diseinua, denboraren erabilera eta hirigintza eraldatu, elikadura burujabetza bultzatu, eta hirien eta landa eremuaren arteko harremanak eraldatu.
-Arrazakeriaren eta biolentzia instituzionalaren aurka borrokatzea.
-Herri boterea eta gobernantza eredu berriak eraikitzea. Horiek dira orain arte jasotako eta adostutako aldarrikapenak. Bide honetan, funtsezkoa izango da pedagogia feministetatik, gure subjektibotasunean aldaketa sakonak sustatzea.