Aginagaren paisaia kulturalaren iraganean arakatzen

Noaua Aldizkaria 2023ko urr. 8a, 13:06

Aginagako sagastietan barrena, bertso-ibilaldi ederrean parte hartzeko aukera izan dute igande goiz honetan.

Aginagako sagastietan barrena osteratxo ederra egiteko aukera izan dute albiste honi atxikiak dituzuen irudietako parte hartzaileek. Inguruotako paisaia kulturalean murgildu eta iraganean arakatzeko aukera izan dute Jakoba Errekondoren azalpenekin. Ohorezko bi bidelagun ere izan dituzte baita; Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña bertsolariak. Haiek bertsoz girotu dute, ekimenean zehar partekatzen eta jasotzen joandako edukia.

Goizeko 10:00etan hasi dute ibilaldia Aginagako plazatik eta erriberan barrena ibili dira, Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren kooperatibak, Sagardoaren Unibertsitateak eta Usurbilgo Udalak antolaturiko ekimenaren baitan. Sagardoaren paisaia kulturala ezagutzea dute xede tarteka egiten diren ibilaldiok.