Euskararen Eguna

Euskararen Galarako sarreren aurre-salmenta gaur

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 10a, 07:59

Gonbidatu ezagunez eta askotariko emanaldiez hornituriko Euskararen Gala antolatu du Aginagako Eliza Zaharra Elkarguneak abenduaren 2rako. Sarreren aurre-salmenta egingo dute ostiral honetan 18:00etan hasita, hitzordu hau iragarri duten toki berean.

Badator Euskararen Eguna. Abenduaren 3an izango da, aurten igandean. Geure hizkuntzari eskainitako nazioarteko egun horri lotutako aurtengo ekimen nagusiak Aginagan iragarri dituzte, bi hitzordu. Batetik, hilaren 3an bertan, Xentimorik Gabe taldearen "Gu Primer!" antzezlana programatu dute Aginagako Eliza Zaharrean, Ramon Agirre, Inazio Tolosa eta Nerea Gorriti aktoreekin. Asier Sotak zuzendu eta Agirrek nahiz Egoitz Lasak asmaturiko antzezlanean, Tolosa eta Agirre "Parisen" bizi dira, Artistaren Etxean. Bertan, lanean hasi berri den Nereak, “programa” bat prestatu du gure bi lagunentzat: Kontzertu sorta eskainiko dute non bere errepertorio eta bizipenak kantu-kontatuko baitituzte. Gaurkoan balentria handi baten berri emango dute; Ez amerikarrak, ez errusiarrak, bi euskaldun izan ziren ilargira iristen lehenak. GU PRIMER!".

Abenduaren 3an, 18:00etan Eliza Zaharra Elkargunean eskainiko den antzezlanerako sarrerak aurrez eskura ditzakezue 8 eurotan, usurbilkultura.eus plataforman.

Euskararen Galarako sarreren aurre-salmenta
Bezperan, abenduaren 2an, larunbat gauez, azken urteotan antolatu izan duten Euskararen Gala ospatuko dute gune berean. "Korbata eta pamelak prest? Hemen da berriz ere euskararen GALA!!", gogorarazi dute antolatzaileek. Iragarri dutenez, "sekulako gonbidatuz betetako saioa izango dugu aurtengoa ere.... ondo pasatzeko prest?". Hitzordua iragartzeko kaleratu duten kartelean irakur daitekeenez, bertan parte hartuko dute Rafa Ruedak, Mikel Markezek, Yogurina Borovak, Idoia Torregaraik, Ana Goitiak, Asier Kidam magoak... 

Adi, askotariko emanaldiez hornituko duten Euskararen Galarako sarreren aurre-salmenta ostiral honetan egingo dute, azaroaren 10ean, arratsaldeko 18:00etan hasita Aginagako Eliza Zaharrean bertan. Datorren astelehenetik, azaroaren 13tik aurrera, sarrera hauek Arrate tabernan edota online, usurbilkultura.eus plataforman erosi ahalko dituzue. "Azkar ibili!!", deitu dute antolatzaileek.