Herri ordezkaritzarik ez da faltako 58. Durangoko Azokan

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 22a, 19:31

Azken orduotan plazaratu dituzte antolatzaileek abenduaren 6tik 10era izango den 58. Durangok Azokari buruzko egitarau eta nobedadeak. Hitzordu eskaintza zabalean, herri ordezkaritzarik ez da faltako, hemengo hainbat sortzaile gonbidatu dituzte haien lanak aurkeztera.

"Murgildu zaitez fantasian! Sormenaren lurraldean! Euskal kulturaren jai handian! Badator 58. Durangoko Azoka!", edo DA hizki ezagunekin egin den euskarazko sorkuntza, sortzaile eta zaletuen topagunea. Datorren edizioa abenduaren 6tik 10era izango da, ohi bezala, Landakon eta Bizkaiko udalerri horretako beste zenbait txokoetan.

Guztira, 265 ekitaldi eta 950 nobedade iragarri ditu antolakuntzak; "689 liburu, 179 disko edo musika produktu, 44 aldizkari, eta bestelako 40 ekoizpen ere bai. Esanguratsua da musika produktuen hazkundea, iaz baino 38 ale gehiago izango direlako. Nobedadeen harira, aipagarria da komikiak eta ilustrazioak hartu duten indarra. Berrikuntza lez, marrazkilarien lana zuzenean erakutsiko da pantailen bidez". Egitarau osoa eta nobedadeen berri durangokoazoka.eus atarian jaso ahalko duzue.

Albiste hau lerrootara dakarkigu halere, bertan iragarri duten ekitaldi eskaintza zabal horretan, urtero moduan herri ordezkaritzarik ez delako faltako. Haien lan berriak aurkezten izango dira aurtengoan, Yolanda Arrieta Malaxetxebarria, Jakoba Errekondo, Pello Zubiria aginagarra, Rukula musika taldea eta Joseba Larratxe. Egun eta orduotan iragarri dituzte haien ekitaldiak:

DURANGOKO AZOKA
Abenduak 8, ostirala
16:00-16:30
Saguganbara-Elkartegian: “Mari Gonagorri eta hamazazpi berri” Yolanda Arrieta Malaxetxebarriaren Denonartean argitaletxeak plazaraturiko liburu aurkezpena.
Zehaztasunak: "Mantangorriari deitzeko izen asko dago Euskal Herrian: marigorringo, kattalingorri, maritxu teilatuko... Euskal kulturako mantangorriek gauza asko dakite egiten: eguraldia iragarri, kikak jaso eta opariak ekarri… Kika eroriekin loturiko figura euskalduna berreskuratu nahi du liburuak: MARI GONAGORRI. Kiken truke ematen dituen oparien inguruko proposamen berria ere eskaini nahi du, kontsumismo hutsari kontrapuntu egin, eta ametsen eta desiren aldeko aldarria erakusteko, fantasia, umorea eta grina oinarri. 0-8 urteko haurrek eta haien familiek osatzen dute gaur egungo gizartearen eredu berri moldagarria: “Zer eman, hura jan”. Hala bada, gelan nahiz etxean kontatzeko-irakurtzeko-komentatzeko moduko liburu bat da MARI GONAGORRI ETA HAMAZAZPI BERRI. Transmisio biziari keinu eginez, irakurketa ozenaren plazera, lehen irakurketa isilen konplizitatea eta misterio urrunen gertutasuna gorde nahi ditu, behin behineko haurtzaroari eta behin behineko hortz-haginei gorazarre egiteko".

16:30-17:00 Talaia-Landakogunean: “2024ko ilargiaren egutegia” aurkeztuko du Jakoba Errekondok (Argia).
Zehaztasunak: "Ilargiak landareengan eta beste hainbat esparruetan duen eragina azalduko du Jakoba Errekondok . Ilargiaren Egutegia aurkeztuko du".


Abenduak 9, larunbata
12:00-13:00
Talaia-Durangoko Museoan: “Geuretik Sortuak: interakziotik fikziora. Geure herrien eta sortzaileen arteko interakziotik sortutako kontakizunak” egitasmoaren aurkezpena. Sorkuntza lanon artean, hemen uda partean eginiko egonalditik Iñaki Martiarena "Mattin"-ek herri honetan giroturikoa dago.
Zehaztasunak: "Udalbiltzak Geuretik Sortuak beka antolatu du bigarrenez. Euskal Herria geuretik kontatzea eta geure historiak sortzea du helburu, euskaratik eta euskaraz, hainbat diziplina artistikoren bidez: komikigintza, literatura, antzerkigintza eta zinemagintza. Horretarako, 22 sortzaile Euskal Herriko 39 herritan aritu dira haien proiektuak lantzen, herrien eta sortzaileen arteko elkarlana sustatuz. Ekitaldi honetan, beka jaso duten bi sortzaile eta bi herritako ordezkariak izango dira elkarrizketan, eta Udalbiltzako ordezkari bat izango dute moderatzaile lanetan. Bertan ezagutu ahal izango ditugu sortzaileen esperientziak, herriek jasotakoa eta elkarlanak emandakoa. Gainera, komiki-bilduma ere bertan eskuratu ahal izango da, eta 2024an zehar egingo diren lau diziplinetako zirkuituen datak ere jakinaraziko dizkizuegu".

17:30-18:00 Talaia-Landakogunean: “2024ko ilargia eta landareak: urteko lanen agenda" aurkeztuko du Jakoba Errekondok (Argia).
Zehaztasunak: "Jakoba Errekondok egingo du agendaren aurkezpena. Noiz eta zer egin landareekin? Egunerokoa ilargiarekin eta lurrarekin uztartu. Zure barazkiak, fruituak, loreak, zuhaitzak, polinizatzaileak eta abar luze bat behar bezala zaintzeko liburu hau ezinbesteko erreminta duzu. Lanen liburu-agenda honek 7 urteko ibilbidea du. Bertan landareekin lotutako jakintza osoa irakurri ahalko duzu. Jakoba Errekondoren urteetako jakintza eta esperimentazioarekin zehaztasunez eta mimoz egindako lanaren emaitza da".

18:00-18:30 Talaia-Landakogunean: Pello Zubiriaren “Planeta prekarioan. XXI. mendeko krisi eta erresistentzien kronikak” (Argia) liburuaren aurkezpena.
Zehaztasunak: “Liburu honetan, 2002an hasi eta hogei urtez Pello Zubiria Kamino kazetariak ARGIAko Net Hurbil sailean idatzitako ehunka artikuluren aukeraketa bat aurkituko duzu. Baina ez erratu, hau ez da bilduma bat. ARGIAn liburu hau egiten tematu baldin badira, gaurko eta biharko mundua hobeto ulertzeko balio dezakeela ikusten dutelako da. Planetako kontinente guztietako gertaerak, historiak, bizipenak, datuak eta analisiak topatuko dituzu orrialdeetan, lastorik gabeko idazkera fin eta zorrotza erabilita. Hiztegiarekin eta probokazioarekin solasean, irakurlea harrapatzen du egileak, izenburutik hasi eta azken esaldira arte”.

19:10-19:40 Ahotsenea Musika-Plateruenan: Rukularen “Traganarru” lan berriaren aurkezpena, kontzertua.
Zehaztasunak: "Musikalki, Rukula taldea rock instrumentalean oinarritutako doinu dantzagarri eta zoroen koktel-ontzia da. 2014an hasi ziren lanean eta hiru disko kaleratu dituzte aldi horretan. Aurten estudioko hirugarren lana aurkeztuko dute, Traganarru. Lan hau Andoaingo Studios Garaten grabatu da, Martxel Arkarazo taldeko baxu-jotzaile eta soinu-teknikariaren aginduetara. Bertan, etiketa bakar batean sailkaezinak diren zortzi abesti sartu dira. Rukula zuzenekoetan lehertzeko prest dagoen banda bat da!".


Abenduak 10, igandea
12:00-13:00
Talaia-Landakogunean mahaingurua: “Euskadi Sariak-Irakurketa eta gazteak. Patxi Zubizarreta, Joseba Larratxe eta Miren Billelabeitia".
Zehaztasunak: "2023an saritutako liburuak abiapuntua, gazte literaturaren mugak non eta nola bultzatu gazteak irakurtzera eta gogoeta egitera".

Informazio gehiago durangokoazoka.eus atarian.