'Izan', talde izena duzue?
Emanaldiaren izena da, nahi duen horretan libre izateko aukera ematea sinbolizatzen du. Nerea Perez del Notario eta biok ariko gara.
Emanaldi honetarako batu zarete?
2018an Kataluniara Nerearekin joan nintzen Erasmus antzeko programa batekin. Bera Euskal Herrian oihalekin aritzen zen eta han biok hasi ginen. Hasieran asko frustratzen nintzen, lehenengo saiakeran ez zitzaidalako ateratzen. Euskal Herrira bueltatzean ez nuela segiko esaten nion neure buruari. Baina gero, hemen Adunako Zirkuolan segi izan dut.
Nola definitu dezakezu Euskararen Galan eskainiko duzuen emanaldia?
Aireko akrobaziak dira. Oihalarekin bildu eta airean akrobaziak egingo ditugu. Polita da, adrenalina askatzen duzulako, jendearentzako oso ikusgarria da.
Zenbat metroraino igotzen zarete?
Zortzi metro izaten dira askotan. Halere, ez dut izugarrizko esperientzia, xume-xume ibiltzen naiz hor. Batzuetan erortzeko beldurra sentitzen da, batez ere hasieran. Baina gero konturatzen zara ondo zaudela lotua, segurtasuna badago. Askotan ausarta izan behar zara; goitik botatzerakoan, konfiatu behar duzu oihala ondo jarrita egongo dela. Koltxoneta jartzen dugu behean, badaezpada ere.
Oihal bereziak behar dira halako akrobazietarako?
Oihala nahiko elastikoa, malgua da. Figura asko sortzeko aukera ematen du. Horrez gain, akrobaziak, erorketak eta halakoak egiteko aukera ematen dizu, baita beste pertsona bat hartzekoa ere.
Zein da gustukoen duzun akrobazia?
Adrenalina asko askatzen dut erortzen naizenean.
Publikoarentzat saio ikusgarriena izango da.
Malgutasun ona izanez gero, jendeari ere figurak asko gustatzen zaizkio. Malgutasun ona ez baduzu baita ere, baina bisualagoa da malgutasun onarekin eta erorketak beti eragiten dio zirrara jendeari.
Zer prestaketa lana eskatzen du halako emanaldi batek?
Ni dantza mundutik nator. Malgutasun handia duten asko soinketa erritmikotik datoz. Haien kasuan, oso nabaria da zer nola bizkarreko malgutasuna duten. Zenbat eta indar gehiago besoetan, hori ere lagungarria da gora igotzeko, goian gauzak egiteko, batez ere hanken laguntza ez duzunean, edota pertsona bat altxatzeko. Oihalarekin hasi aurretik beti luzaketa ariketak egiten ditugu.
Kontzentrazio handia beharko duzue halako ariketak egiteko.
Bai. Ni nahiko despistatua naiz eta batzuetan zerbait egitera noanean, askotan galtzen naiz pentsatzen ea oihala ondo muntatu dudan. Hor esaten dut pixka bat ausarta izan behar zarela eta zure buruari konfiantzaz esatea ondo muntatu dut eta bota egingo naiz.
Malgutasuna ere beharko duzue emanaldian. Inprobisaziorako tarterik bada?
Jendaurrean aritzean jakin beharra dago nola atera une zailetatik. Trabatzen ari zarela ikusten bazara, beste figura bat sortzen duzu, edo beste zerbait egiten duzu. Jendeak ez dakit asko nabaritzen ote duen. Oihalaren mundu honetan dabilenak badaki noiz trabatu zaren eta noiz ez. Ez dakienak uste du zu ondo ari zarela. Zu sufritzen ari zara eta ikus-entzuleak ze ondo ari zaren dio.
Jendaurrean emanaldi gehiago eskainitakoa zara?
Hau nire bigarren emanaldia da Aginagako Euskararen Galan. Iaz, Madrilen egon nintzen ikasten antzerki musikala zirkuarekin. Han, kabaret estiloko emanaldi bat egin genuen, uztaiekin aritu nintzen. Bestalde, duela bi urteko udan Orioko Gaztetxean emanaldia eskaini genuen, Asteasu aldean ere. Urria honetan Arabako Genevillara joan ginen. Emanaldia eskaintzeko egitura muntatu genuen baina euria eta haizea hasi eta bertan behera utzi behar izan genuen.
Formatu eta arte diziplinen arteko nahasketak gero eta ohikoagoak dira. Jendeak geroz eta gehiago eskertzen ditu halakoak?
Zenbat eta gauza desberdin gehiago sartu, ikusgarriagoa da. Ni ere emanaldia eskaintzera joan izan naizenean dantza edo kantua sartzen ahalegindu izan naiz edo zirkuko diziplina. Ikuskizuna gehiago betetzen du.
Irakaskuntzan zabiltza lanean. Bi munduok uztartu nahian ari zara edo bietako bat hautatzeko gogoz zaude?
Dantza mundua oso gustuko dut, ikuskizunena. Balantzan jarriko banu, aukeratu egingo nuke baina badakit mundu hori ez dela hain erraza. Orduan, haurrekin irakaskuntzan aritzea gustuko dut. Bestea zaletasun gisa hartzen dut.
Zaletasun horren irakaskuntza lanetan ari zara Aginagan. Zer moduzko esperientzia izaten ari da?
Haurrak oso gustura datoz. Oraintxe bertan lau datoz, irailean hamar bat ziren. Astean bitan etortzen ziren. Orain astean behin izaten dira saioak, lau haurrekin. 6-7 urtetik beherakoak dira.
Nola uztartzen da dinamika hau haurrekin?
Gauza oinarrizkoenak irakasten saiatzen naiz. Lehenik, jolasen bidez beroketa ariketak egiten saiatzen naiz. Gero oihala erabiltzen dugu. Altuera handira ez gara igotzen. Behean korapiloa egiten diet eta korapilo horretan egiten ditugu ariketak.
Ariketa hauen bidez zer jaso dezakete haurrek?
Gorputz hezkuntza batez ere, gorputzarekin lan egitea. Bestalde, geroz eta ikusgarriagoa den arren, oraindik ez da hain ezaguna mundu hau. Hori ikusaraztea litzateke helburua. Eskolaz kanpoko ohiko eskaintzaz gain, aukera hau ere badagoela.
Euskararen Galan arituko zara bigarren urtez segidan. Nolakoa izan zen iazko estreinaldia?
Oso oso polita. Oihala jarri zen Eliza Zaharreko habetik erdi-erdian. Goraino igota akrobaziak egin nituen. Jendeak pila bat animatzen zidan eta sentitu nuen babes handia, goxotasuna. Zoriondu zidaten gero, saioa oso gustukoa izan zutelako. Amaieran jasotako hitzek eta egondako mezuek asko motibatu zidaten berriz ere parte hartzeko.
Dena ezingo duzu aldez aurretik esan, baina zer nolakoa izango da aurtengoa?
Oihala egongo da, baina horrez gain, beste diziplina batzuk egongo dira. Mezu bat plazaratu nahi dugu, emanaldi unean ikusiko da.
Zer esan nahi zenieke Euskararen Galara joan asmo dutenei?
Jendeak gala oso desberdin bat ikusiko du. Arte diziplina ezberdinei lekua egingo die. Hori oso aberatsa izango da jendearentzat. Iaz behintzat oso gustura ikusten zen. Aurkezleak ere lan oso ona egin zuten iaz eta hori ere nabari zen.
Zer bide jorratu nahi zenuke sorkuntza munduan?
Nahi dut mundu honetan segi eta ikuskizunak egin, jendaurrean gauzak egitea gustuko dut. Orduan, nahi dut segi gauza hauekin, ez dakit noraino helduko naizen. Talde bat sortzen hasi ginen diziplina ezberdinetako emanaldiak eskaintzeko, baina gero geratu zen taldea. Ea hasten garen berriro zerbait egiten. Nire ametsa zerbait sortu eta herriz herri jendearekin partekatzea litzateke.
Euskararen Gala
Eguna: abenduak 3, igandea.
Ordua: 22:00.
Tokia: Aginagako Eliza Zaharra Elkargunea.
Zehaztasunak: "Gainean dugu urteroko kategoriko hitzordua! Gure burua eta gure hizkuntza elegante jantzi, eta gaupasa dotorea egiteko parada dugu, beste behin, Aginagako Eliza Zaharrean. Bakarrizketak, musikariak, magoa, zirkua, dantza... Zerrenda luze bezain mamitsua, eguna elegante bukatu eta hobeto hasteko".
Sarrera: 12 eurotan Arrate tabernan eta usurbilkultura.eus plataforman.
Antolatzailea: Aginagako Eliza Zaharra Elkargunea.