Euskararen Eguna

"Euskararen tripetatik idatzitakoek ez dute itzulpenik"

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 28a, 12:00

Argazkia: Xentimorik Gabe.

"Gu Primer" antzezlana eskainiko du Xentimorik Gabe taldeak abenduaren 3an 18:00etan Aginagako Eliza Zaharrean. Sarrerak usurbilkultura.eus plataforman edo Arraten eskuratu ahalko dituzue. 

Ilargirainoko bidaia hau antolatzeko ideia nondik sortu zuen Xentimorik Gabe konpainiak?
Ramon Agirre: Inaxio Tolosa eta biontzat laugarren lana da elkarrekin egiten duguna formatu berean. Musikal txiki bat izaten da guk egiten duguna. Oraingo abentura honetan, mundu osoan sekretu bat zabaltzera goaz. Jendeak ez dakien zerbait gara; bi euskaldun izan ginela ilargira iristen lehenak, Inaxio Tolosa eta biok hain zuzen. Kontu hau zergatik ez zekien inork azaltzen dugu. Orain, paper batzuk desklasifikatu dituzte Ameriketan eta egia esateko moduan gaude. 

Zer nolako ibilbidea izan du estreinakoz hirukote gisa landu duzuen antzezlanak 2020ko ekainean estreinatu zenutenetik?
Lehenbiziko aldiz Nerea Gorritik parte hartuko du eta hirukotea izango gara. Taldea oso ondo osatzen du dituen musika dohainekin eta antzezle aparta da. Ni gitarrarekin eta Inaxioren haizezko instrumentuekin moldatzen ginen lehen eta orain berak pianoa sartu du, musika aldetik asko aberastu du. Gainerakoan, antzezlan hau beti gustura egiten dugu, ikuskizun honekin edonora joateko prest beti. Harrera oso ona izan du.  Jendeak oso ondo pasatzen du.

Umorezko antzezlan bat da zuena.
Jendeak gustuko du komedia. Dena dela, komediari ez diogu edukia kentzen. Sinestarazten diogu jendeari istorioa, jolas horretan sartzen ditugu ikus-entzuleak. Tarteka sartzen ditugu guk nahi ditugun ziriak edo aldarri txikiak umorearen bidez, gure purrustadatxoak botatzen ditugu. Ez da jolas hutsa, baditu bere gauzatxoak.

Aurrez Eliza Zaharrean emanaldia eskainitakoak zarete. Zer nolakoa iruditu zitzaizuen espazio hori?
Pare bat aldiz edo izango ginen. Leku oso polita da, oso bitxia. Gustatu zitzaigun asko leku hori. Gogoz goaz berriz. 

Oraingoan, ikus-entzuleek zer ikusiko dute?
Komedia oso-oso azkarra, arina, musikaz blai. Oraingo eta aspaldiko abesti ezagunen bertsioak egiten ditugu, istoriora egokituz. Jendeak gogotik barre egingo du, di-da batean pasako zaio saioa. 

Euskararen Eguna izaki, euskaratik eta euskaraz. 
Bai, noski. Euskaratik idatzi eta pentsatzen dugu. Behin edo behin esan izan digute erdaraz zergatik ez dugun egiten. Guk idatzitakoek ez dute itzulpenik, euskararekin oso lotuak daude. Gustuko dugu, gainera, hitz jokoak egitea. Euskararen tripetatik idatzitakoa ez dago itzultzerik. 


"Gu Primer" antzezlana
Eguna: abenduak 3, igandea.
Ordua: 18:00.
Tokia: Aginagako Eliza Zaharra Elkargunea.
Zehaztasunak: "Inazio eta Ramon “Parisen” bizi dira, Artistaren Etxean. Bertan lanean hasi berri den Nereak, “programa” bat prestatu du gure bi lagunentzat: Kontzertu sorta eskainiko dute non bere errepertorio eta bizipenak kantu-kontatuko baitituzte. Gaurkoan balentria handi baten berri emango dute; Ez amerikarrak, ez errusiarrak, bi euskaldun izan ziren ilargira iristen lehenak. GU PRIMER!".
Artistak: Inazio Tolosa, Ramon Agirre eta Nerea Gorriti
Testua: Egoitz Lasa eta Ramon Agirre.
Zuzendaria: Asier Sota.
Sarrerak: Arrate tabernan eta usurbilkultura.eus atarian.
Antolatzaileak: San Praixku Guraso Elkartea eta Antxomolantxa.
Laguntzailea: Usurbilgo Udala.
Antolatzailea: Aginagako Eliza Zaharra Elkargunea.