Euskararen Nazioarteko Eguna igande honetan. Abenduaren hirugarren egun honen bueltan hainbat ekimen antolatu dira egunotan; besteak beste, Udarregi ikastolakoak kantuan edo jolasean egin zuten ostirala. Atzo, Euskararen Gala ospatu zuten Aginagako Eliza Zaharrean. Biharamun honetan, Xentimorik Gabe taldekoen "Gu Primer" antzezlana programatu dute leku berean.
Astearterako, abenduaren 5erako, “Bizi gaitezke euskaraz?” gogoeta-saioa iragarria zegoen Potxoenean Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariarekin. "Azken aldiko epaiek ezbaian jarri dute euskararen normalizazio-prozesua. “Zertan gara? Zertan dute eragina sententziok? Aurrerantzean, zer?”. Horien tankerako galderak erantzuten saiatuko gara Agurne Gaubeka Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariarekin. Saioak gaia kokatzen laguntzea du xede, eta Usurbilgo Euskara Aholku Batzordea berraktibatzea, gure hizkuntza hauspotzeko gakoak helburu". Hilaren 5erako iragarria zegoen hitzordu hau, ordea, 2024. urte hasierara atzeratzea erabaki du Usurbilgo Udalak.
Honatx beraz, Euskararen Egunari lotutako datozen deialdien berri:
Euskararen Eguna
Abenduak 3, igandea
18:00 Xentimorik gabe taldekoen “Gu primer” antzezlana Aginagako Eliza Zaharrean.
Artistak: Inazio Tolosa, Ramon Agirre eta Nerea Gorriti.
Testua: Egoitz Lasa eta Ramon Agirre.
Zuzendaria: Asier Sota.
Zehaztasunak: “Inazio eta Ramon “Parisen” bizi dira, Artistaren Etxean. Bertan lanean hasi berri den Nereak, “programa” bat prestatu du gure bi lagunentzat: Kontzertu sorta eskainiko dute non bere errepertorio eta bizipenak kantu-kontatuko baitituzte. Gaurkoan balentria handi baten berri emango dute; Ez amerikarrak, ez errusiarrak, bi euskaldun izan ziren ilargira iristen lehenak. Gu primer!”.
Antolatzaileak: San Praixku Guraso Elkartea eta Antxomolantxa.
Laguntzailea: Usurbilgo Udala.
Abenduak 10, igandea
17:00 Neguko euskarazko zine zikloa haurrentzat: “Abentura erraldoia” filmaren proiekzioa Sutegiko auditorioan.
Sinopsia: “Sebastian, Sophia eta Wawa txikien istorioa kontatzen du “Abentura erraldoia” filmak. Ustekabeko eta aparteko bidaiari ekingo diote, Nazca kulturan oinarritutako mundu ezezagunera eramango dituena”.
Sarrera: 3 eurotan eskuratu ahalko dira aurrez, usurbilkultura.eus plataforman.
Antolatzaileak: Usurbilgo Udala eta Ziortza gazte elkartea.
2024. urte hasieran
"Bizi gaitezke euskaraz" gogoeta-saioa Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariarekin.