Gabon giro betean murgildu dira Aginaga, modu ezinhobean, gainera; sabela gogotik poztuta ekin diete ospakizunei larunbat iluntze honetan. Taloak egiteko tailerra antolatu du Antxomolantxa elkartea. Landutakoa sukaldatu eta dastatu dute gero. Talo tailerra, talo jana ere izan baita, urte garai honetarako apaindu duten Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean egin dutena.
Belaunaldi arteko topaketa izan da gaurkoa, eta hala izango dira baita eguberri giro beteko datozen hitzorduak ere. Izan ere, datorren asterako beste bi ospakizun iragarriak dituzte Aginagan; batetik, eskolakoak oporretara joan aurretik, gabon kantak abestera irtengo dira. Bestalde, Aginagan egingo diete lehen harrera astebete barru Mari Domingiri eta Olentzerori.
Gabonak Aginagan
Abenduak 21, osteguna
Goizean, Aginagako eskolako kideak gabon kantak abestera irtengo dira.
Antolatzailea: Aginagako eskola.
Abenduak 23, larunbata
18:00 Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Aginagara: "Sekaña eta Mitxerkoneko gurutzetatik behera etorriko da Olentzero haurren eskutitzak jasotzera Eliza Zaharrera".
Antolatzailea: Antxomolantxa.