Gabonak 2023

Aterkipean baina abesten eta koplatan gogotsu osatu du Aginagako eskolak etxez etxeko bira

Noaua Aldizkaria 2023ko abe. 21a, 12:32

Aginagako eskolakoak kantuan gabon giroa hedatu dute Kaxkoan barrena.

Ateri zenbait uneetan, ibilbidearen zati handiena euripean, baina ospakizun giroa inondik inora zapuztu gabe bideratu dute gaurkoan Aginagako eskolako kideek. San Tomas egun hau, azkeneko klase eguna zuten, neguko oporraldian murgildu aurreko azken eguna. Urtero moduan, komunitatearekin ospatu nahi izan du, kale giroan. Baserritar jantziak soinean, kantuan irten dira, ikasle eta irakasleak trikitilari eta panderojole zituztela kalejiraren buruan.

Aginagako Kaxkoari itzulia eman diote. Etxez etxe kantuan soilik ez, aurrez eskolan landutako koplak ere abesten aritu zaizkie bizilagunei. Trukean, laguntzatxoa jaso dute baita hamaiketako ederra ere.

Zozketa
Laguntzaz ari garela; abenduaren 17an NOAUA! Kultur Elkarteak frontoian antolaturiko San Tomas azokan postua jarri zuen Aginagako eskolak. Hainbat produktu salgai jarri zituzten, ikasturte amaierako bidaiarako laguntza jasotzeko. Postuan bertan, besteak beste, zozketa bat ere egin zuten eta antolatzaileek helarazitako ondoko argazkikoa duzue saritua suertatu zena.

Ekimenokin agurtu dute 2023-24 ikasturteko lehen hiruhilekoa Aginagako eskolakoek. Gaur oporretara joan eta urtarrilaren 8an itzuliko dira ikasgeletara.