Urko Pikabea Diez oriotarraren heriotza Aginagan ere sentitu dute

Noaua Aldizkaria 2024ko urt. 4a, 11:11

Arbasoak Aginagan zituen asteartean bat-batean zendu zen gazte oriotarrak. 

Samina eta tristura handia eragin du asteartean Orion bat-batean zendu zen Urko Pikabea Diez gaztearen heriotzak; bai gaztearen bizilekuan baita bere arbasoen Aginagan ere. Izan ere, hainbat senide bizi ditu bertan.

Gaur argitara eman diren eskelak dira horren lekuko. Kirolaria bera, Orioko pilota nahiz futbol klubetako kidea zen. Hain zuzen, asteazken honetan, Realak antolaturiko futbol txapelketa batean parte hartzekoa zen Pikabea. Gipuzkoako Futbol Federaziotik doluminak helarazi dizkiete senideei eta lagunei, "Gipuzkoako futbola osatzen dugun guztion izenean. Goian bego".

Orioko pilota elkartetik ere eskela bidez adierazi nahi izan diotenez, "betirako eramango zaitugu gure bihotzetan. Jarrai dezazula zauden tokiko pilotalekuak zure betiko irriz alaitzen". Ikaskide zuen Orioko Herri Ikastolatik adierazi nahi izan diotenez baita, "zure irribarrea betiko geratuko zaigu Ikastolan".

Gorpu-beila Usurbilgo hilerrian izango dute ostegun honetan zehar, goiz eta arratsaldez; 10:00-13:00 artean eta 16:00-20:00 artean. Bere aldeko hileta elizkizuna bihar egingo dute, urtarrilak 5, arratsaldeko 18:00etan hasita Orioko Bariko San Nikolas parroki elizan.