Herrikide guztientzako irisgarria izango den Aginagaren eraikuntzan urrats garrantzitsua eman dute egunotan. Kaxkoko plaza berrantolatze fase betean dute. Egun, eskola orduetan adibidez, eremuaren erabileran oinezkoen joan etorriak lehenesteko neurriak hartu dituzte. Frontoiaren ertzetako batean, orain arteko eremu berean parkea aurkituko dugu, baina goitik behera eraberrituta. Egurrezko egituradun hainbat jolas jarri dituzte oreka eta desoreka lantzea ahalbidetzen dutenak, orain arteko hesirik gabe eta lehen baino adin tarte zabalagoari zuzendurikoa. Izan ere, 3-14 urte artekoentzako izango da parke eraberritua. Nabaritu dute hobekuntza. "Azken aldian haur eta gaztetxoak denak batera ikusten dira, handiak txikiei laguntzen. Hori da eskolaren benetako izaera, elkar laguntza". Hainbat aulki jarri dituzte bueltan, elementu naturalekin batera. "Espazio ireki, jasangarri eta lasaia irabazi du Aginagak", proiektu honen bultzatzaileen esanetan. Bukatzeke dute, elementu gehiago jartzekotan dira, plaza itxuraldatzen segitzearekin batera.
Haurren begirada
Aipatu moduan, espazio publiko hau berrantolatzen ari da eskolako komunitatea, bertako haur, gazte zein helduak, Aginagako herria alegia, Usurbilgo Udalarekin lankidetzan. Elkarlan hau goraipatu dute. "Hauxe da komunitatea egiteko adibide eredugarria, espazio publikoa komunitatearen bidez konpontzen joatearena". Tartean, bereziki haurrak nola hartu diren kontuan nabarmendu nahi dute. "Lehenengo begirada haurrengan jarri da. Haurren parkeari lehentasuna eman zaio eta, horregatik, herriari eskerrak eman behar zaizkio. Hor ikusten da komunitate baten indarra".
Parkeari dagokionean, garai batean eskola atarian zegoena gerora frontoira lekuz aldatutakoa zen. Zaharkitua zegoela aipatu digute egitasmo honen sustatzaileek, elementuak zaharkituak eta puskatuak zituen, itxiturak haur txikienei bideratua egotea sustatzen zuen. "Zerbait egin beharra zegoen, ez zen segurua". Hortik sortu zen gunea konpontzeko beharra bideratzeko lantaldea. Gunea berritzeko diseinu lanei ekin zieten, proposamen ezberdinen bueltan, baina jolastoki honetaz haratago, "Aginagako plaza berreraiki nahi zen", herriarekin batera, Kaxko seguruagoa, irisgarriagoa izateko norabidean. "Badira arazo batzuk oraindik, egunen batean konpontzea espero ditugunak. Ea hala, horrek ahalbideratzen duen hau dena oinezkotu eta denontzako espazio libre eta irekia izatea".
Elutx eta Kaxkoa lotzeko
Helburu hau, denen irisgarritasun eta segurtasuna bermatzea ez da gaurkoa aipatu digutenez; orain arte egindako lanketa testuinguru horretan kokatu dute. Eremua oinezkotzeak, plaza ibilgailuez hustea ekarriko du, baina aparteko arazorik sortu gabe. Izan ere, hiru aparkaleku publiko ditu Aginagak; bat Elizaren parean, hilerrira igotzeko bidean kokatua dagoena; bigarrena, Aginaga sagardotegikoa; eta, azkena, Maiozenekoa.
Ibilgailua utzi eta oinezkoak lehenetsiko dituen Aginaga eraiki nahi dute. Orain arte, N634 errepideak zatitu izan du herria. Pixkanaka, Elutxen eraikitako bide eta berdegunearekin eta Kaxkoan bideratzen ari diren berrantolaketa lanekin, etorbide seguru bat eraiki nahi dute, Kaxkoa inguruekin lotuko duena.
Ate irekiak
2024-25 ikasturtera begirako aurrematrikulazio kanpaina ireki bezperatan, otsailaren 3rako ate irekien saioa iragarri dute Aginagako eskolakoek. Nahi duenak eskolako azpiegiturak eta proiektua ezagutzeko aukera izango du 10:30- 12:30 artean.