87 lehiakide erakarriko ditu Oriaren 30. Traineru jaitsierak

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 6a, 09:12

Hiru hamarkadako ibilbidea duen ekimena larunbaterako, otsailaren 10erako iragarri dute. Ohi bezala, Aginagatik abiatuko da proba.

Larunbat honetan, 15:40ean hasita, Oriaren 30. Traineru Jaitsiera egingo dute Aginagatik hasita. Ohi bezala, bi ibilbide osatuko dituzte parte hartzaileek. Batzuk 4 kilometrokoa Sarikolan hasita. Gainerakoek, 6 kilometroko bidea osatuko dute Orian barrena, Mapiletik abiatu ostean. Hitzorduan parte hartu nahi zuten taldeentzako itxi du antolakuntzak izen-ematea. Honakook izango dira errioko jaitsieran: 8 Llagut, 4 traineru jubenil, beteranoen beste 37, emakumezkoen absolutu mailako 16 talde eta beste 22 gizonezkoenean. 87 ontzi lehiatuko dira, guztira, otsailaren 10ean errioan.

Ikuspegi ezin ederragoa eskaintzen duen eremuan jokatuko da hitzordua, Oriako erriberen tartetik, Aginagan hasi eta Oriora. Aurtengo edizioak iazkoaren antza izan dezake giroari dagokionean. Euritsua izan zen iazko edizioa eta inauteri festa egunez egokituko den aurtengoa ere tankeratsu egingo dutela dio eguraldi iragarpenak. Parte hartzean, ordea, nabarituko da aldea. Izan ere, iaz 69 lehiakide izan zituen Oriaren Jaitsierak, 18 gehiago aurtengoan.

Prestakuntzarako
Ekimen hau 1995ean hasi zen antolatzen Orio Arraun Elkartea, estropaden udako denboralditik haratago, "traineruetan parte hartzen duten arraunlarien prestakuntza fisikoa eta teknikoa urten guztian zehar" lantzen zela ikusirik. Ordutik, 30 urteotan, parte hartzaileen kopurua hazten joan da. "Euskal Herriko arraunlariez aparte, hemen izaten ditugu karaniar-majoreroak, katalanak, valentziarrak, andaluziarrak, galizarrak, asturiarrak, kantabriarrak...". Aurten ere bai.

Iazko sailkapena