80 ontzi, 1.100 arraunlari ikusi ahalko dira Orian barrena Aginagatik hasi eta Oriorantz, datorren larunbat arratsaldean, otsailaren 10ean, 15:40tik aurrera. Izan ere, 30. Oriako Jaitsiera izango da jokoan. Proba honen antolatzaile Orio Arraunketa Elkarteak jakinarazi du talde bakoitzaren irteera hurrenkera zein izango den. Albiste honetan, beherago duzuen irudian dituzue xehetasunak. Parte hartzaileen kopuru handia tarteko, antolatzaileek plazaraturiko oharrak zorrotz betetzeko deia egin diete lehiakideei.
Gogoan izan, bi modalitateetan jokatuko da proba hau. Izan ere, 4 kilometroko ibilbidea osatuko dute Emakume Llagut-Llaut taldeek, traineru misto, jubenil, beterano eta senior mailakoek. Hauek guztiak Sarikola paretik abiatuko dira Oriorantz. Aldiz, sei kilometroko ibilbidea osatu beharko dute absolutu mailako taldeek. Hauek Mapiletik abiatuko dira. Mailen araberako lehiakide multzoak osatu dituzte antolatzaileek. Ordu tarte hauetan abiatuko dira parte hartzaile guztiak:
Sarikolatik (4 km):
15:40-15:47 Llagut-Llaut taldeak.
15:52-15:57 Talde mistoak eta jubenilak.
15:56-16:32 Beteranoak.
16:33-16:48 Emakumezko absolutuen mailako taldeak.
Mapiletik (6 km):
16:49-17:10 Gizonezko absolutuen mailako taldeak.
"Neguko proba garrantzitsuenetakoa"
Oriaren Jaitsiera bezalako negu parteko probak udara begira antolatzen dira, Orio Arraunketa Elkartetik azaldu dutenez. "Kantauriko kostaldean trainerua da arraun munduko ontzi nagusia. Orion ere bai. Uda garaia izaten da traineruen denboraldia: ligak, txapelketak, banderak, ekainetik irailera arte. Dena den, arraunlarien prestaketa fisiko garrantzitsuena neguan egiten da".
Urte garai hau girotzeko estreinatu zuen Orio Arraunketa Elkarteak estreinakoz 1995. urtean, Oriaren Lehen Traineru Jaitsiera antolatu zuen. "Handik aurrera, Kantauriko arraun elkarte gehiagok ere jaitsierak antolatzeari ekin zioten. Gaur egun, oso estropada garrantzitsuak dira hango eta hemengo traineru jaitsierak; urtarrilean, otsailean eta martxoan finkatu dira".
Oriokoa, "neguko froga garrantzitsuenetakoa da" antolatzaileen esanetan, "udako denboraldiari begira erreferentziak hartzeko ezinbesteko hitzordua. Euskal Herriko arraun elkarteak ez ezik, atzerritarrak ere izaten dira Orion: holandarrak, kanariar-majoreroak, katalanak, valentziarrak, galizarrak, asturiarrak, kantabriarrak...".