Kulturaldia

Tapia eta Leturiarekin erromeria gau ederra gaur Aginagan

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 17a, 07:24

"Bizkarsoro" filmaren proiekzioaren biharamun honetan, gerri buelta mugitzeko aukera paregabea Aginagako Eliza Zaharrean, bertako Elkargunearen eta NOAUA! Kultur Elkarteak antolaturiko Kulturaldiaren eskutik. Tapia eta Leturiaren emanaldirako sarrerarik ez baduzu, bertan izango ditugu salgai.

NOAUA! K.E.-ren Kulturaldi betean gara atzotik. "Bizkarsoro" filma eskaini genuen ostiral arratsaldean Sutegin. Bigarren hitzordua datorkigu gaurkoan; erromeria giro bizia Sutegitik kanpo, Aginagako Eliza Zaharrean. Tapia eta Leturiak dantza batean jarriko gaitu, gaueko 22:30etan hasiko den emanaldian.

"Tapia-Leturiatarrak topera iritsiko gara Aginagara", iragarri dute taldetik, aste honetako NOAUA! aldizkariari eskainitako elkarrizketan. "Ordu eta erdiko kontzertu erromeria bat osatuko dugu. Fandangoak eta arin-arinak dantzatu nahi dituenarentzat ere tarte bat egingo dugu; proban jarriko ditugu eskuak gora jasotzera ausartzen direnak". 

Sarrerarik eskuratu ez baduzu, emanaldi gunean bertan erosi ahalko dituzu.

NOAUA! K.E.-ren Kulturaldia


Otsailak 17, larunbata
22:30 Tapia eta Leturiaren kontzertua Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean.
Zehaztasunak: "Tapia eta Leturiak beraien ohiko errepertorioko kantak berreskuratuko dituzte, eta osagai eta berrikuntza ugariz jositako proposamen musikal zein artistiko berria dakarte. 10 musikariz osatutako taldea lagun izango dute, trikitixa eta panderoaren soinuak “Big Brass Band” ikutuekin uztartuko dituenak".
Sarrerak: aldez aurretik salgai 12€tan usurbilkultura.eus webgunean. Bazkideek 10€tan eskuratu ahal izango dute sarrera bat NOAUA!ko egoitzan. Egunean bertan, Aginagako Eliza Zaharrean.
Antolatzaileak: NOAUA! Kultur Elkartea, Aginagako Eliza Zaharra Elkargunea.


Otsailak 18, igandea
18:00 "ZTANDAP. Binakako bakarrizketa" Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: "Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai umoregileak, ikuskizun berri batekin datoz: Ztandap. Aurreko ikuskizunetan egin moduan, Martiarena eta Torregarai "betaurreko moreak jantzita" igoko dira oholtzara. Orgasmo arrakala, maitasun erromantikoa, señorak, elkarbizitza ... izango dituzte hizketagai horretarako, besteak beste. Kritika eginez, deseraikiz, barre eginez eta eginaraziz eztandarazi, lehertu, nahi dituzte bazterrak".
Sarrerak: aldez aurretik salgai 6€tan usurbilkultura.eus webgunean. Bazkideek 4€tan eskuratu ahal izango dute sarrera bat NOAUA!ko egoitzan.


Otsailak 24, larunbata
19:00 "Toto" antzezlana Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: "TOTO – Mafalda Bellidoren “Chucho” antzezlanean oinarritua. Agurtzane Intxaurragak zuzendua eta Kepa Erraztik itzulia. Aktore lanetan Miren Gojenola eta Asier Hernandez. Maik (Maitane) eta Joseluk (Jose Luis), TOTO txakurtxoaren kustodia partekatzen dute. TOTO galdu egin da Joselurekin zegoenean eta orain Maik ezin du imajinatu bizitza bera gabe. Maitasunik gabe. Maik eta Joseluk, modu intentsuan eztabaidatzen dute. Eztabaidatzen dute geure bikotearekin, geure bikote guztiekin askotan egin izan ohi dugun moduan. Barrutik tragedia moduan bizi ohi diren eztabaidak,  kanpotik ikusita, barregarriak eta komikoak suertatzen dira. TOTO halakoxea da, txakur guztientzat egokia den bikote komedia".
Sarrerak: aldez aurretik salgai 10€tan usurbilkultura.eus plataforman. Bazkideek 8 €tan eskuratu ahal izango dute sarrera bat NOAUA!ko egoitzan.


Otsailak 25, igandea
18:00 "Etxe bat". Poesia errezitaldi musikatua Sutegiko auditorioan.
Testua eta gidoia: Yolanda Arrieta Malaxetxebarria.
Kantak eta Soinua: Peru Galbete Labiano.
Zehaztasunak: "Gaston Bachelard soziologoak espazioen esanahietan murgiltzen gaitu La poética del espacio entseguan, kanpoko espazioez ari garenean geure barruko estantziez ere ari garelako. Nik etxearen irudia hautatu dut neure gogoen bizigune. Eta hiru denborak estekatu ditut bizigune hori ideatzeko. Bat, oroimen beroa, nondik natorren gogoratzeko. Bi, leihoak zabalik, uneari leku egiteko. Hiru, irudimena martxan, nire guraria ez ahazteko. Gelaka aritu naiz, bakean atontzeko estantzia bakoitza. Xede bakarra buruan: amets egiten jarraitzea".
Sarrerak: aldez aurretik salgai 10 eurotan usurbilkultura.eus plataforman. Bazkideek 8 eurotan eskuratu ahal izango dute sarrera bat NOAUA!ko egoitzan.

Antolatzailea: NOAUA! Kultur Elkartea.